Ana Urtxuegia Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) PSEko alkate ohiak hurrengo ostiralean deklaratuko du Somoto auziagatik Donostiako auzitegian, hilaren 29an. Gaur zen deklaratzekoa, baina ezagutarazi ez dituzten arrazoiengatik hitzordua atzeratzeko eskatu du. Eskaera onartu egin du epaileak.
25 urtez izan zen Lasarte-Oriako alkate Urtxuegia. Prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi diote. Auzitegian, Urtxuegiak azaldu beharko du nola baliatu zuen lankidetzarako funts publikoa Nikaraguan, Somoton. Donostiako Auzitegiak martxoan onartu zuen tramiterako Lasarte-Oriako Udalak hango alkate ohiaren kontra jarritako kereila.
Bi oinarri nagusi kereilak
Udalak bi oinarri nagusi erabili ditu kereila aurkezteko: alde batetik, udaletxean sortutako ikerketa batzorde bereziak bildutako dokumentazioa; eta, bestetik, 2012an Zubizarreta Consulting aholkularitza enpresak egindako txostena. Zubizarreta Consulting taldeko ikerlariek "irregulartasun ugari" atzeman zituzten Lasarte-Oriako diru laguntzen banaketa prozesuan.
Txostenean aipatzen denez, 38/2003 legea indarrean jarri arte (2004ko otsailaren 18an) sektore publikoak ematen zituen diru laguntzen alorra ez zegoen arautua, eta udal bakoitzak ordenantzen bidez erregulatzen zuen bere kooperazio politika. Diru banaketa eta operazio opakuak ahalbidetu zituen horrek.