Espero zena bete da gaur Pauen (Frantzia) Departamenduko Hezkuntza Publikoko Batzorde Teknikoaren bileran: 2008-2009 ikasturtean Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan irakasle gutxiago izateko erabakia hartu dute. Akademia Ikuskaritzak datorren ikasturterako proposatu duen eskola karta onartzeko elkartu dira, eta hiru euskal lurraldeetan denera hogei irakasle gutxiago izango dira; 30 postu kenduko dituzte eta 16 sortu.
Atzo ziren batzarra egitekoak, baina azken orduan batzordera ez joatea deliberatu zuten sindikatuek, guraso elkarteek eta hautetsiek, eta quorumik ez zen izan.
Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak funtzionario lanpostuen murrizketa agindu zuen eta, horren harira, departamendu guztietan irakasle postuak kenduko dituzte. Alta, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan hezkuntza elebidunaren berezitasuna dago. Frantzia, EEP Euskararen Erakunde Publikoko partaide da eta, neurri horretan, berak finkatzen ditu euskararen aldeko hizkuntza politikaren ildoak.
EEPren hizkuntza politikak lehentasuna ezarri zuen belaunaldi berrien euskalduntzean. Frantziako Hezkuntzak eta EEPk hitzarmen bat izenpetu dute aurten irailean sortzen diren arazoak gainditzeko xedez. Baina hizkuntza politikan iragarritakoa bete ahal izateko, baliabide gehiago behar dira.
Ikas Bi elkarteak gogor kritikatu du gaurko erabakia, "euskararentzako ez direlako postu gehiago egonen. Lurralde mailan eskaintza ez dute zabaldu". Ikas Biren ustez, EEPk eta Frantziak sinatutako akordioa "eraginkorra ez dela ikusi da".
Hezkuntza
Datorren ikasturtean 14 irakasle gutxiago egongo dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan
Gaur Pauen Departamenduko Hezkuntza Publikoko Batzorde Teknikoak egindako bileraren arabera, 2008-2009rako 30 postu kenduko dituzte eta 16 sortu. Ikas Bik kritikatu egin du erabakia, "euskararentzako ez direlako postu gehiago egonen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu