EUROPAKO HAUTESKUNDEAK

"Datozen egunetan" itxi liteke EAJren eta CiUren arteko aliantza Europako bozetara aurkezteko

CiU eta ERC ez dira koalizioan aurkeztuko Europako bozetara. Oriol Junquerasek argudiatu du ICVk eta CUPek bat egin gabe ez duela zentzurik elkarrekin aurkezteak.

Mas eta Urkullu, 2010ean. ORIOL CLAVERA
2014ko urtarrilaren 24a
23:15
Entzun

Maiatzaren 25ean izango dira Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta boz horietara ez da aurkeztuko Kataluniako indar subiranisten aliantzarik. Aukera hori zegoen mahai gainean, baina atzo jakinarazi zuen Oriol Junqueras ERCko presidenteak CiU eta bere alderdia ez direla koalizioan aurkeztuko, iritzita ez duela zentzurik aliantza hori osatzeak ICVk eta CUPek bat egin ezean.

"Prozesuaren transbertsalitateari eusteko", nor bere aldetik aurkeztuko da, Junquerasen esanetan: "Galdeketaren data eta galdera hitzartu duten alderdi batzuek ez dute onartu zerrendan parte hartzea, eta prozesuaren transbertsalitatea bermatzeko, hori denez indarguneetako bat, hobe da inor kanpoan ez uztea".

Junquerasek nabarmendu du sektore sozial ezberdinetara hel daitekeela horrela alderdi bakoitza. Europako Parlamentuan lortutako ordezkariek "elkarlanean jarduteko konpromiso fermua" adierazi du ERCko buruak.

EAJrekin aliantza

EAJren eta CiUren arteko aliantza "akordio naturala" dela esan du gaur Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, eta akordio hori datozen egunetan itxi litekeela gaineratu du: "Ez dago bilera baterako egun bat zehaztu beharrik ere, harremana etengabea delako".

Atutxaren esanetan, EAJk ez luke arazorik izango CiUrekin batera aurkezteko, hura ERCrekin aliantzan joango balitz ere: "Beste batzuekin akordioak lotzeko gai den alderdia gara, eta, kasu honetan, ERCrekin ere lor genezake".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.