Datuak okerrera egiten ari dira: beste 585 kasu atzeman dituzte Hegoaldean

Azken hilabeteko daturik txarrenak dira, positibo berrien kopuruari erreparatuta. Positiboen portzentajea %5,5 da, eta OMEk aholkatutako %5eko mugaren gainetik dago.

Osasun langileak PCR probak egiten, Agurainen. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 19a
12:55
Entzun

Beheranzko joera amaitu, eta datuek nabarmen egiten dute okerrera: beste 585 lagunek eman dute positibo COVID-19a atzemateko probetan. Horrenbestez, positibo berrien datua azken hilabeteko okerrena dira. Positiboen portzentajearen datua ere ez da hobea: atzo Osasunbideak eta Osakidetzak egin zituzten 10.564 probetatik %5,5k positibo eman zuten. Beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolatzen hasteko %5eko mugaren gainetik dago.

Egoerari lurraldez lurralde erreparatuta, Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien: 242 izan dira, eta otsailaren 23tik erregistratutako daturik txarrena da. Goranzko joera nagusi da Nafarroan ere: 119 positibo gehiago izan dira, daturik okerrena otsailaren 9tik. Gipuzkoan, gorabeheratsua da azken egunetako kopurua, eta atzoko proben ondorioz, beste 118 kasu atzeman dituzte. Araban kopuruak apalagoak izan arren: beste 99 lagunek eman dute positibo, eta otsailaren 11tik ez zituzten hainbeste positibo atzeman. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren zazpi herritarren ere positibo eman dutela.

Osakidetzak eta Osasunbideak ospitaleetako egoeraren berri ere eman dute. Atzo beste 39 lagun ospitaleratu behar izan zituzten Hego Euskal Herriko ospitaleetan, eta 110 lagun larri daude, zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta. Gaur, jaieguna izaki,  Osakidetzak ez du jakinarazi orotara zenbat pertsona dauden ospitaleratuta Osakidetzako ospitaleetan.  Osasunbideak, ordea, bai: une honetan 69 lagun daude Nafarroako erietxeetan gaitzarekin, horietatik 18 ZIUetan, zazpi etxean ospitaleratuta eta beste 44 gela arruntetan.

Txertaketa, aurrera

AstraZenecaren txertoarekin egitekoak ziren txertaketak bertan behera utzi arren —Iparraldean gaur bertan berriz jartzen hastekoak dira, eta Hegoaldean, asteazkenean—, aurrera jarraitu du txertaketak Pfizerren eta Modernaren dosiekin. Eusko Jaurlaritzak gaur jakitera eman duenez, dagoeneko lehen dosia jaso dute erresidentzietako egoiliarren eta langileen, Osakidetzako profesionalen eta Ertzaintzaren %100ak. Gainera, aurreneko txertoa hartu dute osasun pribatuko eta osasun garraioko langileen %78,2k, bestelako zentro soziosanitarioetako langileen eta erabiltzaileen %97,7k eta unibertsitatez kanpoko hezkuntza langileen %65,8k.

Bigarren dosia jaso dutenen kopurua, berriz apalagoa da. Dagoeneko bigarren dosia ere hartuta dute erresidentzietako egoiliarren eta langileen %99,3k, Osakidetzako langileen %84,8k, osasun pribatuko langileen %5,2k eta bestelako zentro soziosanitarioetako langileen eta erabiltzaileen %2,4k.

Nafarroako Gobernuak ere eman ditu txertaketari buruzko datuak. Atzo, 2.817 txerto jarri zituen. Orain arte, guztira, COVID-19aren aurkako txertoen 109.485 dosi jaso dituzte herrialdean, eta horietatik 97.672 jarri dituzte. Bigarren dosia jaso dutenen kopurua, berriz, apalagoa da: 30.879 lagun dira, orotara.

Nafarroan txertaketa prozesuarekin jarraitzen dute gaur, eta 80 urtetik gorakoak txertatzen ari dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren pilotalekuan. Gaur, beste 596 adineko daude deituta txertoa jasotzeko. Asteburuan, berriz, 1.214 lagunek txertoa jasoko dutela aurreikusi du Nafarroako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.