Batxilergoa urtebete luzatzeko DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak ikasturte bat gutxiago izatea «oso larria» dela salatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak. Espainiako Gobernuko presidente Mariano Raxoik Batxilergoa beste urtebetez luzatzeko asmoa iragarri zuen kargua hartu zuen egunean. Ez zuen zehaztu, ordea, nola egingo duen hori. Iragarpen hori izan zuen atzo hizpide Zelaak Bilbon emandako hitzaldi batean. «Ez dut uste Batxilergoa 19 urtera luzatuz egingo duenik. Horrek gastu handia ekarriko luke. Beraz, DBHri kasturte bat kenduz egin beharko luke. Hori oso larria da, Batxilergoa ez baita derrigorrezkoa, eta, beraz, ikasleek urtebete lehenago bukatuko lituzkete derrigorrezko ikasketak».
Zelaak nabarmendu zuen Jaurlaritzak ez duela murrizketarik egingo hezkuntzan. «Gure lehentasuna da. Jaitsiera gutxien izan duen saila da: %0,8koa. Beste erkidego batzuekin alderatuz, murrizketa oso txikia da». Beste lan eskaintza publiko bat egingo dutela ere esan zuen: «Nahikoa giza baliabide ditugu, baina lanpostuak egonkortzea nahi dugu». Gainera, ikerketarako eta garapenerako inbertsioak handitzeko beharra defendatu zuen.
DBHk ikasturte bat gutxiago izatea «oso larria» litzateke, Zelaaren ustez
Hezkuntza Jaurlaritzak duen lehentasunetako bat dela berretsi du sailburuak, eta ez dela murrizketarik izango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu