Datu horiek ageriko hobekuntza izan dute aurreko urtekoen aldean, ISEI Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko EAEko Erakundeak emandako datuen arabera. Erdiko mailara heltzen ez ziren LHko 4. mailako ikasleak %32,9 ziren 2009an, egun baino %5,8 gehiago. DBHko 2. mailan %4,6 jaitsi da maila apalenean dauden ikasleen kopurua, %38,1 baitziren 2009ko ikerketan.
Datu horien harira, testuingurua gogora ekarri du nahi izan du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak; EAEko soziologia kontuan hartu behar dela gogorarazi du, baita hiru hizkuntz ereduko hezkuntza eredua indarrean dagoela ere. Horregatik, Hezkuntza Sailak nabarmendu du ezin dela eskolaren esku utzi adingabeen euskaraz komunikatzeko gaitasunen garapenaren ardura osoa. ISEIren lanak, hain justu, horixe islatzen duela zehaztu du.
ISEIk beste irakasgai batzuk ere aztertu ditu, eta euskara ez da leku onenean geratu; euskaraz komunikatzeko gaitasunaren batez besteko emaitzak beste irakasgaien emaitzen azpitik daude ia kasu guztietan. Hain justu, salbuespen bakarra D ereduan ikasi eta etxeko hizkuntza euskara duten ikasleen euskara gaitasunen emaitzak dira. Horrek agerian uzten du familiak nolako garrantzia duen komunikatzeko gaitasun horiek barneratzeko orduan, ISEIren arabera.
Ehuneko bosta
Aurreko ikasturtean hasi zen Eusko Jaurlaritza ebaluazio diagnostikoaren emaitzen azterketa egiten, eta ikerketa hori etorkizunean ere egiteko asmoa agertu du Isabel Zelaak, Hezkuntza sailburuak. Diagnosi horretan euskaraz eta gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna eta matematiketako gaitasuna ebaluatzen ditu ISEIk, eta emaitzak hiru multzotan banatu: hastapeneko maila, erdiko maila eta maila aurreratua. Horiez gain, beste ikasgai bat ebaluatzen dute, baina hori urtez urte aldatu egiten da; hau da, ikasgai horren jarraipena ezin da egin.
LHko 4. mailako eta DBHko 2. mailako ikasle guztiei egiten zaie ebaluazio hori, eta Zelaa Hezkuntza sailburuak nabarmendu du oso tresna baliagarria dela emaitzak hobetu ahal izateko; datu horietan oinarrituta, hiru urterako erronka bat finkatu zuen iaz Hezkuntza Sailak. Epe horretan 2009ko emaitzak %5 hobetu nahi ditu Jaurlaritzak. Hau da, mailarik apalenean daudenen ehunekoa %5 murriztu nahi dute, eta maila aurreratuan dauden ikasle kopurua %5 handitu.
Hiru urterako helburu horiek urte bakarrean gainditu dira DBHko 2. mailako ikasleen euskarazko gaitasunen alorrean.«Beharrezkoa den eremuan, edo posible denean» %5 hori gainditzeko xedea dute.
Matematikako gaitasunen ebaluazioan jaitsiera txiki bat gertatu da aurreko urtearen aldean Lehen Hezkuntzan, eta DBHn datuak ia ez dira aldatu. Azterketa egiterakoan gertatutako aldaketak jaitsieraren oinarrian egon daitezkeela azaldu dute ISEIko arduradunek. «Matematiketan dauden gaitasunen ebaluazio berezitua egin dugu aurten, iaz ez bezala; horrek zaildu du ikasleek egin duten azterketa», azaldu du Francisco Luna ISEIko zuzendariak.
Gaztelaniazko komunikazio gaitasunak hobetu dira LHn zein DBHn. 13-14 urte arteko ikasleen %12,1 hastapeneko mailan daude, aurreko ikasturtean baino %3,9 gutxiago.
Sexuen arteko bereizketa ere eskaintzen du ISEIren ikerketa lanak. Iaz bezala, neskek emaitza hobeak lortu dituzte ebaluatutako gaitasun ia guztietan;Matematikak dira salbuespena.
Hobekuntza planak
Ikastetxeek ISEIren ebaluazioaren datuak jasoko dituzte, talde bakoitzaren emaitzak ikusi eta lan ildo zehatzak finkatzeko. 2009ko datuak aztertu osteanhobekuntza planak abiarazi zituztela azaldu du Zelaak, eta 2010eko datuak ildo horiek egokitzeko baliagarriak izango direla.