Euskara

DBusen, euskara atzeko atetik

DBuseko gidarien lan poltsarako frogetan euskara derrigorrezko izatearen kontra egin du EAEko Auzitegi Nagusiak. Lan baldintzetan "oinarrizko aldaketak" egin direla deritzo. Donostiako Udalak negoziazioa abiatu nahi du, langile berriak baldintza horrekin sar daitezen.

Eider Goenaga Lizaso.
2015eko otsailaren 13a
13:37
Entzun

Iazko udan, Donostian, autobusa hartzera joan zen Amaia seme-alabekin —ez du izenik eman nahi izan—. Grosen zegoen, eta 17. lineako autobusa hartu behar zuen, Amarara joateko. Iritsi zen DBuseko autobusa, eta Amaiak alaba txikienarekin atzeko atetik igo behar zuen, haurraren kotxetxoa ez baita bestela sartzen. Seme zaharrena, 5 urtekoa, aurreko atera joan zen, gidariari atzeko atea irekitzeko eskatzera. Baina umeak gazteleraz jakin ez. Ezta gidariak euskaraz ere.

“Oierri autobus txartela atera genionetik horixe egin izan dugu. Oso arduratsua da, eta gustatzen zaio; hobeto esanda, gustatzen zitzaion”. Beti bezala, Amaia semearen ondoan egon zen, autobus gidariak kasu egin ziola ikusi arte. “Egun hartan, behetik ikusi nuen semeak esan ziola gidariari atea irekitzeko. Eta, agian nahastu egin nintzen, betaurreko beltzak baitzeramatzan, baina gidariak begiratu egin ninduela iruditu zitzaidan. Orduan, atzera abiatu nintzen. Eta, bat-batean, autobusak martxa egin zuen”.

Amaia autobusaren atzetik joan zen korrika, kolpe batzuk eman zizkion autobusari, eta garrasi egin zion. “Haurraren kotxetxoa hartu, eta hurrengo geltokira nindoan korrika”. Baina, ehun bat metrora, autobusa gelditu egin zen. “Hantxe zegoen Oier, arrantza batean, negarrez”.

Hura lasaitzea lortu zuenean, gidariarengana joan zen Amaia. “Akats bat edonork egin dezake, eta nire asmoa ez zen sekulako errieta egitea; horretara joan izan banintz, erreklamazioa aurkeztuko nuen, eta ez nuen egin. Beraz, behintzat konturatu zedin, semeak nahigabe handia hartu zuela esan nion”.

Gidariak, ordea, ukatu egin zion semeak ezer esan ziola. “‘Bai, esan dizu, eta nik entzun diot, baina agian ez diozu ulertu, euskaraz esan dizulako’, erantzun nion nik. Ukatzeak eman zidan amorru gehien, nik ikusi bainuen nola semeak esaten zion atea irekitzeko”.

“Gero, gidariak onartu zidan harritu zela umea bakarrik ikusteaz. Jo, bera konturatu zen umea bakarrik zihoala! Gerta zitekeen umea ikusi ere ez egitea, baina ikusi zuen, bai noski; izan ere, umeak hitz egin egin zion. Baina ez zion ulertu, eta aurrera egin zuen”. Ordutik, Oierrek ez du gehiago autobusean bakarrik igo nahi, ez dio gidariari esan nahi amari atea irekitzeko. “Beldurra ematen dio”. Eta hirurak atzeko atetik sartzen dira.

Gidari euskaldunak

DBusek 350 gidari inguru ditu, eta horietako askok ez dakite euskaraz. Amaiari gertatutakoa beste inori ere gerta dakioke, euskaraz ez dakiten gidarien borondatearen arabera baitago euskaraz joandako umetxoari ulertzen saiatzea, bidaiari euskaldunaren hizkuntz eskubideak errespetatzea edo, besterik gabe, “tira, igo” esan eta aurrera egitea…

Horrelakoak saihestea eta aurrerantzean DBusek kontratatzen dituen gidari guztiak euskaldunak izatea, horixe zen DBuseko administrazio kontseiluaren asmoa, joan den urtean lan poltsa berria osatzeko deialdi publikoa egin zuenean.

EAJ, EH Bildu eta Kurpil sindikatuaren ordezkarien babesarekin, gidarien ordezkapenak egiteko lan poltsa osatzeko baldintzak aldatu zituzten iazko otsailean. Euskara azterketa osoaren %5 zen ordura arte, eta derrigorrezko bihurtu zen. Euskarazko azterketa gainditzen ez zuena lan poltsatik kanpo gelditu eta ezingo zen DBuseko gidari izan. Martxoan hasi ziren azterketak, baina ordurako UGT sindikatuak helegitea jarri zuen erabaki horren kontra, Donostiako Lan Arloko 2. Auzitegian.

Maiatzean, aurreko azterketak gainditu zituzten 45 lagunek euskarazko azterketa egin aurre hartan, UGTri arrazoia eman zion auzitegiak. Lan poltsa osatzeko deialdia baliogabea zela ebatzi zuen, deialdiaren oinarrietan “funtsezko aldaketa” egin zelako eta euskara ez zelako ezinbestekoa autobus gidari batentzat.

Donostiako Udalak eta LAB, ELA eta Kurpil sindikatuek erabaki haren kontrako helegitea jarri zuten, eta joan den astean berriro ere auzitegiak arrazoi eman zion UGTri. Oraingoan, baina, euskararen derrigortasuna ez du auzitan jartzen EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak. Garbiñe Biurrun epaileak sinatutako epaiak “funtsezko aldaketa” izan dela dio, eta aldaketa hori langile ordezkariekin behar bezala negoziatu gabe egin zela, baina ez du aztertzen euskara eskatzea egokia den edo ez: “Egokitasunari buruzko aurreko uste bat egin gabe, hilabete gutxiren buruan oinarrizko aldaketa bat egin da”.

Aldaketak enpresa barruko langileei eragiten diela dio epaiak. Izan ere, lan poltsarako proba kanpoko langile berriek zein enpresa barruan mailaz igo nahi dutenek egin zuten, hortik osatzen baitira libre gelditzen diren lanpostu finkoak. Beraz, barruko langileen lan baldintzetan emandako aldaketa litzateke, hasiera batean, UGTren kexaren arrazoia; orain arte, lan poltsarako frogetan euskara ez delako inoiz derrigorrezkoa izan, eta, aldaketarekin, promozio aukera kentzen zaielako hainbat langileri —UGTren arabera, 56 langileri—.

Udala ez dago ados

Jon Albizu mugikortasun zinegotziak, bere txarrean, irakurketa baikorra egiten du epaiari dagokionez. “Izan ere, iazko epaiak euskara gutxietsi eta bigarren mailako hizkuntza zela esaten zuen, eta orain behintzat ez du hori egiten. Ez du esaten gidariei ezin zaienik eskatu euskaraz jakitea, baizik eta euskara eskatzea aldaketa nabarmena dela lan baldintzetan”. Hala, Donostiako Udalak ulertzen du ez dagoela trabarik kanpotik heldutako langileei euskara eskatzeko, eta, izatekotan, barruko langileei dagokien eskakizuna dela aldatu beharrekoa.

Ildo horretan, Albizuk dio “harrituta” daudela auzitegiaren epaiari buruz egin diren irakurketa interesatuekin. “Bertan esaten ez dena ulertu nahi izan dute, alegia, ezin dugula euskara eskatu. Eta hori ez da horrela”.

Euren asmoa kanpotik datozen langileei euskara eskatzea da; ez dute aurreikusten euskararen derrigortasuna kentzerik. “Eta, gainera, ez da maila oso altua eskatzen. Nahita ahozko azterketa bakarrik jarri genuen, gidari batek ez duelako zertan testu bat idazteko gai izan, baina bai euskaraz hitz egin eta ulertzeko, gutxieneko bat behintzat”.

Hala, Albizuk dio bertan ari diren eta promoziorako aukera galdu duten langileentzat “bide ezberdin bat” aztertu beharko dela, eta horretarako negoziazioa berehala abiatuko dutela langile batzordearekin. Epaiak hala agindu duela eta bete egin beharko dutela onartu du Albizuk, baina ez daudela ados ere esan du. “Langileen baldintzetan aldaketa nabarmena dela dio epaiak, baina ez dira lan baldintzak aldatzen, eskatzen dena da lanari egokitzea, jendearekin euskaraz hitz egiteko gai izatea. Autobus elektrikoak gidatzeko ikasi behar izan duten bezala, euskara beharrezkoa da euren lana ondo egiteko, eta hori da guk eskatu duguna. Dena den, bete behar da eta beteko dugu”.

Epaiak hainbat interpretazio posible dituela uste du Albizuk, baina euren iritziz ez du orain arte egindakoa baliogabetzen. “Ikusiko dugu zer gertatzen den negoziazioan, ea lan poltsarako deialdi berria egin behar den. Baina guk orain artekoak balio izatea nahiko genuke”.

Albizuren ustez, DBusi buruzko epaiak hiru kaltetu nagusi utzi ditu. Batetik, erabiltzaile euskaldunak, haien hizkuntz eskubideak urratzen direlako; bestetik, proba gainditu zuten 45 langileak; eta, azkenik, lanean ari diren gidariak, zerbitzua mantendu ahal izan den arren haien lan karga handitzearen kontura izan baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.