De Juana Chaos ospitaleratu egin dute, 44 egun gose greban egin ondoren

Haren osasuna arriskuan ikusiz gero elikatzeko agindu du Auzitegi Nazionalak

Erredakzioa
2006ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Iñaki de Juana Chaos euskal presoa Algecirasko espetxetik erietxera eraman zuten atzo iluntzean. 44 egun egin zituen atzo gose greban, eta espetxean medikuek egunero artatzen bazuten ere, froga gehiago egiteko eraman dutela eman dute jakitera espetxe iturriek. De Juanaren osasunaren «jarraipena eta azterketa» egiteko medikuek erabaki dute ospitalean geratzea, espetxe iturriek efe berri agentziari jakinarazi ziotenez. Abuztuaren 7an gose greba hasi zuenetik, hirugarren aldia da ospitalera eramaten dutena.

Hain zuzen atzo jakin zenez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Zigor Salak lehengo ostegunean kaleratutako auto batean aginduzuen gose grebaren ondorioz De Juana Chaosen bizitza arriskuan egon badaiteke edo atzera bueltarik ez duten kalteak eragin badiezazkioke, elikatzeko. Hala erantzun dio joan den astearteanfiskalak egindako eskaerari.

Fiskalak eskatu zuen De Juanaren osasun egoerak txarrera eginez gero, eta hala behar izanez gero, euskal presoa «behartuta» elikatzeko.

Auzitegi Nazionalak auto batean kaleratu duenez, De Juanaren osasun egoerak hala eskatzen badu, elikatu egin beharko da; autoan gaineratzen da «ahal bada indarrez ez elikatzeko, eta betiere, haren duintasuna ez urratzeko» agintzen du.

Autoak gaineratzen du behin baraualdian 40 egunetik gora eginez gero, «zuhurra» dela haren «osasuna eta bizitza babeste aldera neurriak hartzea, presoaren borondatearen kontra bada ere».

Alvaro Reizabal abokatuak atzo Euskadi Irratiari jakinarazi zionez, dagoeneko helegitea jarri diote erabaki horri.

De Juanak gose greba mugagabeari ekitea abuztuaren 7an erabaki zuen. 20 urte espetxean eman ostean, Gara egunkarian bi iritzi artikulu idazteagatik 96 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak haren aurka, eta irailaren 27an epaituko dute auzi horrengatik.

EAB-REN ESKAERA ATZERA. Iñaki de Juana euskal presoa aske uzteko eskatuz, legez besteko proposamena aurkeztu zuen iragan astean Ezker Abertzalea taldeak, Eusko Legebiltzarrean. Eskaera premiazkotzat hartua izateko eskatu zuen taldeak, Giza Eskubideen batzordean lehenbailehen eztabaida zedin. Legebiltzarreko Mahaiak, ordea, eskaera arrunt gisa tramitatu du. Taldeak atzo salatu zuenez, gaia hiruzpalau aste barru eztabaidatzea ekarriko du horrek.

Eskaera premiazko gisa hartua izatea «erabat justifikatua» dagoela uste du taldea, presoak atzo gose greban 44 egun bete zituelako. Halaber, Mahaiarena erabaki politikoa ez ezik, «ikaragarria» ere badela salatu du, «preso donostiarraren heriotza zigorra sinatzeko Espainiako Gobernuari txeke zuria eskaintzea delako, Iñaki de Juanak ezin baitu hilabete itxaron».

Etzi Espainiako kontsuletxean elkarretaratzera deitu dute Baionan



Iñaki de Juanaren bizia arriskuan dagoela ohartarazi zuten atzo goizean Etxerat-eko eta Askatasuneko kideek agerraldi batean, euskal presoa ospitalera eraman aurretik. Haren egoera salatzeko etzirako elkarretaratzera deitu zituzten herritar zein eragileak Baionan, 18:30ean, Espainiako Kontsulatuaren aitzinean.

Anai-Artea, Segi, Bilgune Feminista, Demoak, AC eta LABko ordezkariak ere presente ziren atzoko agerraldian. Giza Eskubideen Aldeko Komiteak eta ELBk ere deitzen dute etziko elkarretaratzera, kultur munduko hainbat kidek --Niko Etxart eta Amets Arzallus-- bezala.

«Iñaki de Juana euskal preso politikoa pairatzen ari dena basakeria judiziala da» erran du Amaia Beirie Etxerat-eko kideak. «Ezin dugu sinetsi nola den posible bi iritzi artikulu plazaratzeagatik 96 urteko zigorra eskatzea pertsona baten aurka». De Juanaren kasua ez dela gertakari isolatua azpimarratu, eta zigorra bete duten preso guztiak libre egon behar direla erantsi zuen. «Euskal Herrian bizi dugun prozesua ezin da eraiki euskal presoen eskubideak urratuz». Ehun preso inguru egoera horretan direla erran zuen. Niko Etxartek kultur munduko eragile eta norbanakoen engaiamendua eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.