"De Juana kementsu ikusi dugu, eta esan digu aurrera segituko duela gose greban, Euskal Herrira aske itzuli arte". Hala esan diote berria.info-ri gaur arratsaldean Madrilen 12 de Octubre ospitalean euskal presoa bisitatzen egon diren kultur munduko ordezkariek.
Bost idazle eta musikari bat joango dira hara -Lutxo Egia, Laura Mintegi, Gotzon Barandiaran, Fito Rodriguez eta Iratxe Retolaza idazleak, eta Asier Serrano musikaria, baina ekimen horren artean beste hainbat kide daude- eta lehen hirurei eman diete Iñaki de Juanaren gelara sartzeko aukera. Alvaro Reizabal presoaren abokatuak egin zituen haiek bisita egiteko tramiteak; gaur Reizabal bera ez da izan han.
"Batetik -dio Lutxo Egiak-, De Juanari buruz Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako epaia salatzera etorri gara, adierazpen askatasunaren kontra erasoa delako. Bi iritzi artikulurengatik hamabi urte eta zazpi hiabeteko zigorra jarri zion. Guk ere hitza erabiltzen dugu geure jardueran eta epai hori onartezina da. Bestetik, De Juanaren egoera fisikoa nolakoa den ikusi nahi izan dugu".
Hain zuzen, bigarren gose grebaren 86. eguna du gaurkoa presoak (lehen gose greba abuztuan hasi zuen eta 63 egunez egon zen jan gabe). "55 kilo pisatzen ditu. Fisikoki ahul dago, jakina, baina burua oso argi du, beste edozeinek bezala dauka". Lutxo Egiak dionez, hiru ideia zabaldu nahi izan ditu De Juanak solasaldian: "1. Lehen esandakoa: gose greban aurrera segituko duela, Euskal Herrira aske itzuli arte. Oso seguru du hori. 2. Egunero bere gogoaren eta gorputzaren kontrako bortxaketa jasaten duela esan digu, behartuta elikatzen dutelako, eta ohean eskuak eta hankak lotuta dituelako. Eta 3. Oso jakitun da Auzitegi Gorenak otsailaren 12an hartuko duen erabakia aurrekaria izan daitekeela eta horregatik borrokatzen da gogor; hau da, berak esan du Gorenak kartzela zigorraren epaia mantentzen badu, adierazpen askatasunaren kontrako erasoa dela hori, modu orokorrean, eta, beraz, edozein auzipetu dezaketela gero".
Hain zuzen, defentsak baldintzarik gabe libre uzteko eskatua du Gorenean, Espainiako Fiskaltzak "mehatxuengatik" 13 urteko espetxe zigorra edo "terrorismoa goratzeagatik" 4koa, eta AVTk 96koa.
Egia, Mintegi eta Barandiaran ordubetez egon dira De Juanarekin, bakarrik, poliziarik gabe. Gela barruan burdin-barrak daudela esan dute. Ospitaleko 'Zaintza gelan' daukate.
Lehengo ostiralean De Juanaren ama hil zen -Esperanza Chaos, 83 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz- baina gaurko solasaldian ez dute gai hori aipatu. "Berak ez du atera eta guk ere ez, jakina", dio Egiak.
Euskal presoak
De Juanak gose greban aurrera jarraituko duela esan die kultur munduko ordezkariei
Hiru idazlek bisitatu dute presoa 12 de Octubre ospitaleko gelan, ordubetez. "Hiru ideia esan dizikigu: 1. Gose greban aurrera segituko duela, Euskal Herrira aske itzuli arte. 2. Egunero bere gogoaren eta gorputzaren kontrako bortxaketa jasaten duela. Eta 3. Gorenak kartzela zigorraren epaia mantentzen badu, aurrekaria izango dela hori beste edozeinentzat". Buru aldetik "oso argi" ikusi dute. Bigarren gose grebaren 86. eguna du gaurkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu