Iñaki de Juana atzo arratsaldetik kartzelan dago berriro, Aranjuezen (Madril), eta, espetxeko iturriek Efe berri agentzia esan dioenez, hark ordutik uko egin dio jateari. Espainiako Espetxe Zuzendaritzak dioenez, ordea, presoak ez dio jakinarazi gose greban dagoen ala ez.
Alvaro Reizabal defentsa abokatuak ez dauka De Juana gose greban dagoen berririk, eta egongo balitz, orain arte izandako jokabidearekin "koherente" izango litzatekeela uste du, aurrez bi egin zituelako, aurrena 63 egunekoa eta bigarrena 115ekoa. "Nik uste ekingo diola gose grebari", esan du Euskadi Irratian Reizabalek arratsaldean, "eta, haren osasun egoera nolakoa den kontuan hartuta, hau ez da izango aurrekoak bezain luzea".
De Juana martxoaren 1etik Donostiako Ospitalean egon zen atzo arte, Gara egunkarian bi gutun idazteagatik jasotako zigorra dela-eta egindako bi gose grebek eragindako osasun arazoetatik sendatzen, eta senda-agiria jaso zuen lehengo astean.
Hura kartzelan sartu dutela-eta, Reizabalek helegitea sartuko du bihar Madrilgo Zaintza Epaitegi Zentralean. Izan ere, abokatuak dio De Juana espetxera bidaltzeko Espainiako Auzitegi Nazionalak atera duen autoa, bigarren gradua emanda hura ospitalera sendatzera bidali zuteneko autoarekin "kontraesanean" dagoela. Aurreko autoak zioen presoak senda-agiria jasotzean etxean beteko zuela zigorra betetzeko falta zaiona. Kartzelara bidali dute, baina. Espetxe Zuzendaritzak hartu du erabaki hori.
Atzo arratsaldean sartu zuten Aranjuezko kartzelan, eguerdian Donostiako ospitaletik aterata. Hamalau hilabete falta zaizkio zigorra betetzeko.
Reizabalek esan du De Juana "oso haserre" dagoela, "duela bi urtetik kalean behar zuelako". Abokatuaren ustez, "hari buruzko erabakiak berak egindakoagatik hartu behar dira, ez besteek egindakoagatik [ETAren su-etenaren hausturaz]. Epaiketan bertan epaiak zioen De Juana ez dela ETAkoa. Gobernuaren mendekua da hau".
Hiru urteko espetxe zigorra jarri zion otsailean Espainiako Auzitegi Gorenak De Juanari, "mehatxuak" egitea eta "indarkeriaren goratzea" leporatuta, eta Espainiako Gobernuak espetxealdia arintzea erabaki eta Euskal Herrira ekarri zuen martxoaren 1ean. Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak esana orduan: "Orain ospitale batera doa, ikuspegi fisikotik oso gaizki dagoelako. Osatzen baldin bada, etxean beteko du espetxeratze arindua, kontrol estuekin, errekuperazioarekin jarraitzeko. Hori da gure denbora aurreikuspena. Ez goaz haratago". Gorenaren epaiaren aurretik, Auzitegi Nazionalak hamabi urte eta erdiko zigorra jarri zion.
Euskal presoak
De Juanak jateari uko egin dio kartzelan sartu dutenetik
Espainiako Espetxe Zuzendaritzari ez dio jakinarazi gose greban dagoen ala ez. Defentsak helegitea sartuko du bihar, presoa orain kartzelan sartzeko autoa aurrekoarekin "kontraesanean" dagoela uste duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu