Kazetari ugari zituen zain Iñaki de Juana ETAko preso ohiak Belfasteko (Irlanda) Lagansideko auzitegira iritsi denean, eta haiek inguratuta sartu da barrura, bere kontrako estradizio eskaeraren inguruko auzi saioan parte hartzera. Thomas Burgess epaileak 45 minutu atzeratu du auzi saioa defentsak eskatuta. Kasuko zenbait alderdi argitu nahi dituela argudiatu du De Juanaren abokatuak atzerapena eskatzeko.
Hasiera batean, Burgess epaileak De Juanaren estradizioari buruzko erabakia gaurko auzi saioaren ondoren har zezakeela uste zen, baina, azkenean, denbora gehiago hartzea erabaki du, besteak beste, Espainiari auziari buruz informazio gehiago eskatu edo ez aztertu nahi duelako.
Defentsako abokatuetako batek argudiatu du Espainiako estradizio aginduak akatsak dituela, eta estradizioa gauzatzeko ezinbestekoa den inkriminazio bikoitza egiteko zehaztasun gutxi dituela. Ildo horretatik Burgess epaileari eskatu dio iker dezala zer izan zen zehatz-mehatz De Juanaren omenaldian esan zena eta zer adierazpenengatik leporatzen dioten "terrorismoa goratzea".
De Juana abuztutik dago Irlandan, eta aske utzi zuten egunean, abuztuaren 2an, Donostiako Alde Zaharrean egin zioten omenaldi ekitaldian irakurri zen idatzi baten harira auzipetu du berriro Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok. Idatzi hartan "terrorismoa goratzen" zela iritzi dio epaileak, besteak beste, Txomin Iturbek erabiltzen zuen aurrera bolie esaera erabiltzeagatik. Gutuna De Juanak idatzi ote zuen argitu nahi du Velascok, eta horren arabera delitua egotzi.
Espainiako egindako estradizio eskaera dela-eta, "terrorismo goratze" delituagatik inor kanporatzea zilegi ote den auzitan jarri zuen aurreko auzi saioan, azaroaren 17an, Thomas Burgess epaileak. Izan ere, gehienez 2 urteko espetxea luke delitu horrek Espainian De Juana estraditatu eta zigortuko balute, eta epaileak uste du gutxienez 3 urteko espetxearekin zigortutako delitu bat behar dela Erresuma Batuko legearen arabera estradizioa gauzatzeko. Bestela, inkriminazio bikoitzera jo beharko luke, eta De Juanaren adierazpenak Erresuma Batuan ere delitu izan beharko lukete.
Kevin Winters De Juanaren abokatuak, berriz, ziurtzat jotzen du ETAko preso ohia ez dutela estraditatuko. Hala agertu zuen azaroaren 30ean BERRIAk plazaratu zuen elkarrizketan. Wintersen arabera, De Juanak ez zuela deliturik egin frogatuko dute.
Politika
De Juanaren estradizioaz erabakitzeko denbora gehiago hartu du Belfasteko epaileak
Bitartean, behin-behineko askatasunean segituko du ETAko preso ohiak. Aurreko auzi saioan zalantzan jarri zuen Thomas Burgess epaileak "terrorismoa goratzeagatik" inor estradita dezaketen. Kevin Winters De Juanaren abokatuak ziurtzat jotzen du estradizioa ez dela gauzatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu