Presoak

De Juanaren zigorra 3 urtera murriztu du Gorenak

Iñaki de Juanaren defentsaren helegitea hein batean aintzat hartu, eta 12 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigorra 3 urtera murriztu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Horrenbetez, gaur 98 egun gose greban bete dituen presoa aske uzteko erabakia Espetxe Erakundeen esku geratzen da.

2007ko otsailaren 12a
20:49
Entzun
Auzitegi Nazionalak 12 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zion De Juanari, Gara-n plazaratutako bi artikulurengatik, "mehatxu terrorista" zirela iritzita, eta presoa "erakunde terroristako" kidetzat hartuta.Orain, "mehatxu" delitutzat jo du Gorenak, eta, halaber, "terrorismoa goraipatzea" egotzi dio. Hasierako zigorra 3 urtera murriztu du.

Espainiako Auzitegi Goreneko bigarren salako hamahiru epaileak bost orduz aritu dira De Juanaren auziko helegiteak aztertzen, goizean hiru orduz eta arratsaldean beste hiruz. Fiskaltzak 4 urteko zigorra eskatzen zuen; AVT biktimen elkartean ordezkatzen duen akusazioak 96 urtekoa, eta defentsak errugabetzea.

Zigorra 3 urtera murriztuta, Espainiako Espetxe Erakundeen esku geratzen da hirugarren gradua ematea eta aske uztea.

12 urte eta 7 hilabeteko zigorra ezartzearekin batera, bigarren gose greba hasi zuen presoak, eta gaur du 98. eguna baraurik. Ondorioz, oso makal dago osasunez, eta hiltzeko arriskua duela ohartarazi dute behin baino gehiagotan Madrilgo 12 de Octubre erietxean artatzen duten medikuek. Azken asteetan erietxe horretan daukate, eta bere borondatearen kontra elikatzen dute.

Hain justu, De Juanaren egoera larria dela iritzita helegiteen azterketa presaz hartzea, eta gaurko egunera aurreratzea erabaki zuen Gorenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.