'Berrueta auzia'

De la Peña aita-semeek Berrueta arrazoi ideologikoengatik hil zutela erabaki du zinpekoen epaimahaiak

Laugarren eta azken saioan lortu du 'Berroeta auziko' zinpekoen epaimahaiak hartutako erabakia lege akatsik gabekoa izatea, eta, ondorioz, Nafarroako Lurralde Auzitegiko epaileak ontzat ematea. Valeriano de la Peña Espainiako polizia eta Miguel de la Peña haren semea erahilketa delituan errudun direla erabaki du, eta, gainera, Anjel Berrueta arrazoi ideologikoengatik hil zutela. Pilar Rubio haien emazte eta ama, berriz, hilketaren probokatzaile izan zela ebatzi du, baina ez zela hartaz jabetu. 19 urteko espetxe zigorra eskatu dute De la Peña aitarentzat, 16koa semearentzat eta 7koa Rubiorentzat.

2005eko ekainaren 27a
21:13
Entzun
Nolanahi ere, zinpekoen epaimahaiak arazo asko izan ditu ondorio horretara iristeko; legez onartzen zaion azken epean —laugarren deliberoan— lortu du bere ebazpena epaileak ontzat ematea. Anjel Berrueta Iruñeko Donibane auzoko okinaren hilketan Pilar Rubiok zenbateraino eragin zuen erabakitzerakoan sortu dira behin eta berriro arazoak. Akusazio partikularrak eta herri akusazioak hilketaren eragile izatea egozten diote Rubiori (delitu horrrek hilketa besteko zigorra dauka). Epaimahaiak baztertu egin du aukera hori; hau da, Rubiok senarrari eta semeari Berrueta hiltzeko agindua eman ziela.

Hala ere, hilketan zerikusia izan zuen uste dute zinpekoek: zehatzago, hilketaren probokatzailea izan zela(7-15 urte arteko espetxe zigorra aurreikusten da delitu horrentzat). Epaileak, berriz, probokazio konszientea egin zuen galdetu dio epaimahaiari eta horri erantzuten izan dituzte arazoak. Azkenean, ez zela konszienten izan erabaki dute.

Berrueta iazko martxoaren 13an hil zuten Valeriano de la Peña Espainiako Poliziako kideak eta Miguel de la Peña haren semeak. Nolanahi ere, lehendabizi Pilar Rubio emazte eta amarekin izan zuen eztabaida: Martxoaren 11ko Madrilgo atentatu handiek eta Espainiako Gobernuak hari buruz emandakoazalpenek sortutako giro asaldatuan, okindegian 'ETA ez' jartzen zuen kartela jartzeko exijitu zion Rubiok Berruetari.Okinak ezetz erantzun zion,eta, ondoren, suak eta garrak hartuta etxera igo zen emakumezkoa senarrari eta semeari gertatu zenaren berri ematera. De la Peña aita-semeak okindegira jaitsi ziren orduan, eta peritoen frogatutzat eman dute semeak aihotza sartu ziola lehendabizi eta aitak lau tiro bota zizkiola gero —haietatik hiruk zulatu zuten Berruetaren gorputza—. Okina segituan hil zen. Halaber, perituen arabera tiroek hil zuten, baina tirorik jaso ezean ere, aihotzaren zauriak derrigorrean eragingo zion heriotza. Aita-semeak ekintza horiek egin zituztela onartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.