Alfredo de Miguel EAJren ABBko buruaren ondoko ohiak ukatu egin du deliturik egin duenik. Ez dela legez kanpo aberastu ziurtatu du, Euskal Herrian ustelkeriaren harira sekula egin den auzirik handienaren epaiketan. Azken eguna du gaur epaiketak, eta azken hitzean egin ditu adierazpen horiek De Miguelek. Bide beretik jo dute beste akusatu nagusi batzuek ere. Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano jelkide ohiek ere ukatu egin dituzte akusazioak. "Ez dut antolatu nire ustez delitu izan zitekeen ezer", esan du Telleriak. Gaurko saioa amaituta, epaiaren zain geratu da auzia. Jaime Tapia epaileak ohartarazi du hilabete batzuk pasatu daitezkeela sententzia ezagutarazi arte.
Denera 26 auzipetu epaitu dituzte, eta 68 auzi saio izan dira. Fiskalak 9 urte eta bederatzi hileko zigorra eskatu du De Miguelentzat —hasieran, 54 urte eta 11 hilabetekoa zen eskaera—. "Ardura politiko eta administratiboak baliatuz, legez kanpoko etekin ekonomikoa" lortzeko sare bat sortzea egotzi zion EAJko buru ohiari. Telleriak eta Otxandianok, berriz, 13 urteko eta zazpi hileko eskaera dute —32 urte eta bi hilekoa lehen—. Gainerakoek, berriz, eskari txikiagoak dituzte.
Horra auziaren krolonologia:
-2009ko abenduak 2: Ainhoa Alberdi enpresari eta abokatuak Arabako Fiskaltzan salatu zuen De Miguelek 100.000 euroko komisioa eskatu ziola, Arabako Miñao teknologia parkearen hedapena kudeatzeko Urbanorma izeneko enpresa bati emandako kontratu batengatik.
-2010eko martxoak 17: Zortzi lagun atxilotu zituzten, dirua zuritzea eta eroskeria egotzita. Tartean, Araba Buru Batzarreko kide Aitor Telleria, Koldo Otxandiano eta Alfredo de Miguel —Arabako Tokiko Administrazioko diputatua izan zen De Miguel 2007tik atxilotu zuten arte—.
-2010eko urria: Eusko Legebiltzarrak ikerketa batzorde bat osatzea adostu zuen. Talde guztiek eman zuten aldeko botoa, EAJk izan ezik —abstenitu egin zen—. 2012ko maiatzean, ikerketa batzorde horrek ebatzi zuen ardura politikoak zituztela EAJko kargudun ohiek. Talde guztiek onetsi zituzten ondorioak, EAJk izan ezik —aurkako botoa eman zuen—.
-2015eko martxoak 9: Instrukzio autoa amaitu zuen Roberto Ramos epaileak. 26 auzipetuen aurkako karguak berretsi zituen: prebarikazioa, eroskeria eta dirua zuritzea, besteak beste. Auzipetuen artean zeuden EAJko bederatzi kargudun ohi, baita haien senide batzuk eta alderdiaren inguruko jendea ere.
-2016ko martxoak 11: Akusazio txostena aurkeztu zuen Josu Izagirre fiskalak: 27 delitu egotzi zizkion De Migueli, eta ia 55 urteko kartzela eskatu. "Ardura politiko eta administratiboak baliatuz, legez kanpoko etekin ekonomikoa" lortzeko sare bat sortzea egotzi zion EAJko buru ohiari.
-2016ko maiatzak 12: Ahozko epaiketa hastea erabaki zuen Gasteizko 4. intrukzio auzitegiak.
-2018ko urtarrilak 8: Epaiketa hasi zen. Aurrez, epaitegia egokitzeko lanak egin zituzten, akusatu asko zirela-eta. 100.000 euroko kostua izan zuten lanek. Martxoaren 5ean eta 6an, Ainhoa Alberdik deklaratu zuen "inpunitate osoz" eskatu ohi zuela De Miguelek "kutxatik pasatzeko".
-2018ko irailak 17: Akusatuak deklaratzen hasi behar ziren egunean, epaiketa aldi baterako eteteko eskatu zuen Izagirre fiskalak, akusatuetako batzuekin akordio bat negoziatzen ari zela-eta.
-2018ko irailak 27: Eusko Legebiltzarrak De Miguel auziko instrukzioa "gutxiesteko" joera salatu zuen. EAJk eta PSE-Eek aurkako botoa eman zuten.
-2018ko urriak 15: Epaiketari berrekin, eta auzipetuetako batzuekin akordioa lortu zuela iragarri zuen fiskalak , haren esanetan, "sare antolatu kriminal" bat osatu zutela frogatuta utziz. De Miguelek eta EAJko goi kargu ohiek ez zuten akordiorik egin.
-2018ko azaroak 5: Josu Arruti enpresariak aitortu zuen 161.000 euroko komisio bat eskatu ziotela De Miguelek eta biek eraikuntza enpresa bati. Enpresa hartako aholkulari batek berretsi zuen hori.
-2018ko azaroak 14: Fiskaltzak zigor eskaerak murriztu zituen, nahiz eta akusazioak mantendu. De Miguelentzat, esaterako, 30 urteko zigorra eskatu zuen. Ondorioak azaltzean, "sare kriminal" bat zegoela berretsi zuen, "gehiago Siziliar erakoa herrialde serio batekoa baino". Defentsako abokatuak, aldiz, ukatu egin zuen halakorik zegoenik.
-2018ko abenduak 19: Epaiaren zain geratu da auzia.