Iruñeko Udalak jarritako traba guztien gainetik, Olentzero jaian murgilduta iritsi zen Arrosadia eta Iturrama auzoetara, atzo. Udalak ospakizunak antolatzeko baimenak beranduegi eman zituenez, auzoetako jai batzordeek kalejirak ez antolatzea erabaki zuten. Beraz, Olentzeroren omenezko ekimenak auzokideen esku gelditu ziren. Iruindarrek Olentzero iristea nahi zuten.
Iturrama auzora 18:30ean iritsi zen Olentzero. Iruñeko Udalak Iturramako kalejira egiteko baimena eman zuen, baina jai batzordeek ekimen denak bertan behera utzi zituztenez, herritarren ekimenari esker iritsi zen Iturramara Olentzero.
Arrosadiko Olentzerok, berriz, ez zuen udalaren baimena jaso. Asteazken arratsaldean izan zuten erabakiaren berri, eta ordurako jai batzordeek jaiak bertan behera uztea erabaki zuten. Antolatzeko denbora gutxi izan zuten, baina Olentzero Arrosadira ere iritsi zen. Auzokideek 19:30ean iritsiko zela bazekiten, eta ordu erdi lehenago hasi ziren biltzen. Ogi zati frijituak, gaztainak, txistuak eta abeslariak... Olentzero edozein unetan ager zitekeela nabari zen.
Bat-bateko kontua izan zen. «Inork ez du antolatu», auzokide batek adierazi bezala. Debekuaren berri izan arren, biltzen hasi ziren. Espainiako Poliziaren furgoneta batzuk noizean behin aurretik iragan arren, aurrera jarraitu zuten, eta zen izan inongo istilurik.
Aldiz, bazirudien Olentzerok bertaratzeko beldurra zuela. Hala ere, joaldunen doinuen oihartzunek berehala iragarri zuten bazetorrela. «Hara, hor daude Olentzero eta Mari Domingi», esan zion ama batek Iñaki semeari.
Debeku guztien gainetik, Arrosadira ere iritsi ahal izan zen Olentzero, beraz. Udaltzainek zirkulazioa zuzendu besterik ez zuten egin. Jendartean, ez zegoen aurreko urteetan euskal presoei adierazitako elkartasun keinurik, baina adierazpen askatasunaren aldeko ikurrak ikusi ahal izan ziren.
Olentzeroren alde
Bestalde, Iruñeko Udaleko IUN eta PSNko zinegotziek Yolanda Barcina alkatearen jarrera salatu dute. IUNko zinegotziek adierazi dute Olentzero umeentzako jai bat dela, eta auzoetako kultura garatzeko aukera ematen duela. Auzoetako Olentzero jaiak antolatzen dituzten batzordeekiko babesa agertu dute. Barcinak udalaren eskumenak ez ezagutzea eta baimenak berandu ematea salatu du PSNk. Ekintza horien inguruan azalpenak emateko mozio bat aurkeztuko du.
Debekuen gainetik, Iruñean
Jai batzordeek kalejirak ez antolatzea erabaki arren, Iturrama eta Arrosadia auzoetako hiritarrek ongietorria egin diote OlentzeroriArrosadian, Espainiako Poliziaren hainbat furgoneta agertu arren, ez da izan istilurik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu