Defentsa, epaiaren zehaztapenen zain

Konstituzionalaren ebazpenak dioen "16. oinarri juridikoak aurreikusten dituen terminoak" zein diren jakin behar dela dio Iñigo Iruinek. Sortu legeztatzeko erabakiak beste auzi politikoetan eragina izan beharko luke, abokatuaren arabera, eta "Alderdien Legea eta salbuespen neurriak behingoz bertan behera" uzteko eskatu du.

2012ko ekainaren 21a
23:58
Entzun

Iñigo Iruin Sortu ezker abertzaleko alderdiaren abokatua gustura azaldu da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak emandako legeztapenaz, baina azaldu du Sorturen funtzionamenduari buruz-eta epaiaren zehaztapenak zeintzuk izango diren ikusi beharko dela. Konstituzionalak atzo ebazpena atera zuen, orrialde batekoa, eta sententzia hurrengo egunetan jakinaraziko du, epaileek txostena idazten dutenean.

Bi puntu laburreko ohar bat baino ez zuen kaleratu auzitegiak. Batetik, helegitea jarri zuten Sortuko kideei arrazoia eman die, alderdi politikoak sortzeko eskubidea urratu egin zaiela onartuta. Bestetik, Espainiako Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak Sortu legez kanpo uzteko hartutako erabakia atzera bota du eta, beraz,  "16. oinarri juridikoak aurreikusten dituen terminoetan" Sorturi erregistratzeko aukera onartu behar zaiola dio. "16. oinarri juridikoak aurreikusten dituen terminoak" zein diren jakin behar dela iritzi dio Iruinek. 

Epairik ezean, abokatuak esan du oraingoz "balorazio mugatua" egin beharra duela defentsak, baina legeztatzea "oso garrantzitsua" dela nabarmendu du. "Garrantzitsua da ezker abertzalearentzat, baita Euskal Herriarentzat ere".

Haren arabera, Konstituzionalaren erabakiak Espainiako Estatuko ia hamar urteko ilegalizazio aroari bukaera emateko balio beharko luke, eta Auzitegi Nazionalean diren auzi politikoetan eragina izan beharko luke —Batasuna, EHAK eta ANV auzietan—. Halaber, Bateragune auzirako atzoko erabakia garrantzitsua izan daitekeela esan du —defentsak Konstituzionalean babes helegitea jarriko du aurki—; "ezarri dituen oinarriekin, zigorrak kendu beharko lituzke".

Azken batean, abokatuak "Alderdien Legea eta salbuespen neurriak behingoz bertan behera" uzteko eskatu du.

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroaren hitzak txarretsi ditu Iruinek. "Badirudi Sorturekin badaezpadako legez kanporatzetik zaintzako legeztatzera pasatu nahi dutela. Hori ezin da irizpide juridikoetan oinarritu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.