Alfonso Guevara Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak hamabost lagunen kontrako epaiketa prestatzeko astirik eman gabe hasi zuen atzo haien kontrako epaiketa, abokatuen eta Fiskaltzaren iritziaren kontra -kale erasoetan parte hartzea egotzita epaituko dituzte-. Indefentsio egoeran utzi zituen auzipetuak, eta oso modu txarrak erabili zituen hori egiteko: defentsari eta fiskalari garrasi egin zien, inolako erreparorik gabe.
Defentsarekin akordioa egina zuen Fiskaltzak, baina atzera egin zuen atzoko auzi saioan -ez zuelako Javier Zaragoza fiskalburuaren oniritzirik jaso-. Defentsako bost abokatuei ez zien horren berririk eman aurretik, eta haiek, akordioa zegoen konbentzimenduz, ez zuten 15 lagunen bestelako defentsarik prestatu. Fiskalaren jarrera ikusita, Iñigo Iruin abokatuak gertatutakoaren berri eman zion epaileari, eta hori kontuan hartuz, eta defentsarako eskubidea errespetatzeko eskatuz, epaiketa atzo hasi beharrean gaur edo beste egun batean hasteko eskatu zuen. Baina epaileak ezetz. «Niri ez etorri kafe garaiko kontuekin!», esan zion, gertatutakoa azaltzen ari zitzaiola. Bost abokatuak saiatu ziren epailea konbentzitzen, baina hark, bere onetik irtenda, garrasi egin zien: «Isiltzeko! Fiskalarekiko errespetu falta larria da hau!». Fiskalak berak ere arrazoi eman zien ordea defentsei, eta epaiketa datorren astean hasteko prest agertu zen.Hari ere garrasi egin zion epaileak.
Oihu artean epaiketa abiatu zuen epaileak, eta Zigor Reizabal abokatuak eten zuen. Bere defenditua galdekatzea tokatzen zitzaionean aretotik atera zen, defentsa eskubidea ez dela errespetatzen argudiatuta. Hala, epaiketa gaur arte eten beste erremediorik ez zuen izan epaileak. Gainera, Reizabal ikertzeko eskatu zuen.
Defentsarik eza, modu txarretan
Guevara epaileak ez die defentsa prestatzeko astirik utzi nahi izan hamabost auzipeturen abokatuei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu