2013. urteko aurrekontua defizit mugaren azpitik itxi du Eusko Jaurlaritzak. Kontuekin zuhur jokatu du Iñigo Urkulluren gobernuak, oso. Espainiako Gobernuarekin hitzartuta zeukan dirua baino 75 milioi euro gutxiago gastatu ditu. Aurrekontu osoari erreparatuta, kopuru txikia dira 75 milioi euro, baina diru sail ugari estaltzeko balio dute. Gutxi gorabehera, euskara sustatzeko edo etxebizitza eta hirigintzarako bideratzen den diruaren hiru laurden dira, esaterako.
Iragarritako behin-behineko itxieraren arabera, 680 milioi euroko defizita eduki zuten Eusko Jaurlaritzaren kontuek joan den urtean. Kalkulu hori Espainiako kontularitzaren arabera egiten da, eta finantzarioak ez diren eragiketak soilik hartzen ditu kontuan. Azkenean, barne produktu gordinaren %1,08 izan da. Espainiako Gobernuarekin hitzartutako muga %1,2 izan zen. Orain dela bi urte, 2011 urtean, diru sarreren eta gastuen arteko aldea 1.771 milioikoa izan zen, BPGaren %2,73.
Urkulluren gobernuari 2012 urteko aurrekontuen itxiera finkatzea egokitu zitzaion, baina, praktikan, kontularitzaren kontrola urte osoan eraman duen lehen aldia da EAJ agintera itzuli zenetik. Urte bereziki nahasia izan da, gainera. Zerga bilketaren eta defizit mugaren murrizketek estututa, 2013. urteko aurrekontu proiektuan inoizko gastu jaitsierarik handiena iragarri zuen Jaurlaritzak: 1.132 milioi euro gutxiago.
Urtearen joanean, ordea, egoera malgutzeko aukera izan du. Europako Batzordeak Espainiaren defizit mugak lasaitu zituen, eta erkidegoen helburuak ere aldatu ziren. Eusko Jaurlaritzak defizit muga %0,7tik %1,3ra igotzeko eskatu zion Ogasun ministerioari, baina azkenean Madrilek iragarrita zeukan muga ez zen aldatu, eta bere hartan ezarri zen, %1,2. Azkenean, edonola ere, hamarren bat gastatu gabe utzi du Urkulluren gobernuak.
Ogasun Sailak ez ditu oraindik argitaratu defizita zehazteko erabili diren kalkuluak. Edonola ere, hala gastuetan nola diru sarreretan jaitsierak izan dira. Diru sarrerei dagokionez, iturri nagusia aldundien ekarpenak dira, eta, horien bidez, aurreko urtean baino 491 milioi gutxiago eskuratu zituen Jaurlaritzak. Defizit orokorra, berriz, 2012 aurreko urtekoa baino 251 milioi euro txikiagoa izan da.
Helburua, defizita ezabatzea
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez, joan den urteko aurrekontu emaitzek «konpromisoa, ahalmena eta zerbitzu eta kontuen kudeaketan erantzukizuna» agerian utzi dute, testuingurua «oso zaila» bazen ere. Erkorekak ziurtatu du gastu publikoa kontrolatu dela oinarrizko zerbitzu publikoei «eutsita» eta ekonomiaren susperraldiari lagunduta. Kontuen behin betiko itxiera ezagutzeko irail arte itxaron beharko da.
2013. urtean defizit muga arindu zen. Haatik, Hegoaldeko administrazioak lotuta ditu orain dela bi urte Espainiako Konstituzioa aldatzeko hartu zen erabakiak. Horren arabera, erakunde publikoek defizita ezabatzeko bideari ekin behar diote. Espainiako Gobernuak iragarritako bide orriaren arabera, 2016. urterako Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren defizit muga %0,2 baino ez da izango, iazkoa baino puntu bat gutxiago. Jaurlaritzaren kasuan, 660 milioi inguruko jaitsiera lortu behar du.
Nafarroako gobernuari dagokionez, 2012. urteko kontularitza egokitzapenen zain dago. Horien efektua aintzat hartuta, defizita %1,57 izan zen, helburua baino ia lau hamarren gehiago. 95 milioi euro dira jokoan dauden egokitzapen horiek.