Kartzelan da atzoz gero Deisy Mendozaren bikotekide ohia, haren ustezko hiltzailea. Bi egun Ertzaintzaren esku egin eta gero, herenegun arratsaldean eraman zuten Bilbora, guardiako epailearen aurrera. Arratsaldea eta gaua auzitegian eman zituen, eta goizaldean sartu zuten espetxera, epaileak hala aginduta; Basauriko kartzelan daukate. 38 urte ditu gizonak, eta hildako andreak 36 zituen. Hiru seme-alaba zituzten.
Astelehen arratsaldean, 16:25 aldera, egin zion eraso ustez bikotekide ohiak Mendozari. Urruntzeko agindua hautsi, eta andrearen etxera joan zen; lekukoek Ertzaintzari jakinarazi zioten eztabaidan ari zirela eta gizonak labana sartu egin ziola. Larri zaurituta zegoen anbulantzia heltzerako, eta tokian bertan hil zen. Bikotekide ohia han zegoen ertzainak heldu zirenean. Atxilotuta eraman zuten polizia etxera.
Emakumearen senideek eta hurkoek hilketaren berri jakin orduko eman zuten andrea pairatzen ari zenaren berri. «Bagenekien horrelako zerbait gertatuko zela», adierazi zieten kazetariei, hilketa gertatu zen etxearen aurrean. Bizileku zuen etxearen ezkaratzean hil zuten Mendoza. Orain hilabete batzuk banandu zen bikotea; senideen esanetan, elkarrekin igarotako denboran behin baino gehiagotan eraso zion gizonak. Salatu egin zuen Poliziaren aurrean, eta urruntzeko agindua zuen gizonak. Ordea, maiz inguruan ibiltzen zitzaiola berri eman zuten haren hurkoek.
Hilketa salatzeko, elkarretaratzeak egin dituzte azken egunetan Euskal Herriko hainbat herritan. Irunen (Gipuzkoa) egin zuten beste bat atzo. Dozenaka lagunek egin zuten protesta.
Deisy Mendozaren ustezko hiltzailea kartzelatu egin dute, atxiloaldia amaituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu