Egoerarekin "kezkatuta", baina atxilotuak "ongi, atseden hartuta eta lasai" daudela jakinarazi du Aiert Larrarte abokatuak. Tratua ona izan da, eta ez diete legez kanpoko galdeketarik egin, Larrarteren esanetan. Sumarioa gaur goizean ireki dutela-eta abokatuak Espainiako Auzitegi Nazionalera joan dira epaileak atxilotuei zehazki zer leporatzen dien jakitera. Bihar 09:30ean hasiko dira deklaratzen Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aurrean, iturri judizialek jakinarazitakoaren arabera, eta arratsaldera arte luzatuko da. Inkomunikatuta ez dauzkatenez, gehienez ere 72 ordura luza dezake Guardia Zibilak atxiloaldia. Gainera, dei baterako eskubidea dute atxilotuek, baina guardia zibilek berek deitu zieten senideei atxilotuta zeuzkatela esateko.
Auzitegi Nazionalera eramaten dituztenean, epaileak erabaki beharko du zer neurri ezartzen dion atxilotu bakoitzari; edo baldintzarik gabe espetxera bidaliko dituen, edo, bestela, aske uztekotan, zein baldintzatan utziko dituen aske.
Atzo gauean deklaratu behar zuten Guardia Zibilaren aurrean, Nagore Garcia, Manu Ugartemendia, Fran Balda, Jon Garai, Sergio Labaien, Imanol Karrera, Eneko Villegas, Gorka Gonzalez eta Ane Zelaia, baina hitz egiteari uko egin zioten.Gaur goizean Guardia Zibilaren aurrean deklaratu beharreko bederatziek ere uko egin diote: Amaia Esnal, Ekain Zubizarreta, Jesus Mari Aldunberri, Eneko Ibarguren, Jose Antonio Fernandez, Roberto Noval, Ibon Meñika, Beñat Zarrabeitia eta Oskar Sanchezi.
Herenegun goizean atxilotu zituzten hemezortzi lagunok Herrira mugimenduaren aurkako polizia operazioan, eta Hernaniko (Gipuzkoa), Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko egoitzak itxi zituzten. "Talde terroristako" kide izatea, hura finantzatzea eta "terrorismoa goratzea" egotzi diete guztiei, eta, Aiert Larrarte abokatuak atzo azaldu zuenez, Herrira "erakunde terrorista bat" dela eta atxilotuek harekin lotura dutela frogatu beharko luke orain Auzitegi Nazionalak.