'De Miguel auzia'

Deklarazioen txanda amaituta, azaroaren 20an ekingo diote berriz 'De Miguel auziko' epaiketari

Orain arteko saioetan, akusatu nagusiek leporatzen zaizkien delituak ukatu dituzte, baina bi auzipetuk komisioak ordaindu eta jaso izana aitortu dute. Azaroaren 20an, behin betiko ondorioak aurkeztuko dituzte aldeek. Estibaliz Arrutik eta Gorka Errastik deklaratu dute gaurko saioan.

Alfredo De Miguel EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi eta 'De Miguel auziko' akusatu nagusia (eskuinean), Arabako Auzitegira bidean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko azaroaren 7a
07:18
Entzun

De Miguel auziko akusatuen azken deklarazioak entzun ditu gaur Arabako Auzitegiak. Auzipetu guztien deklarazioak jasota, epaiketa eten egingo da azaroaren 20ra arte. Egun horretan, behin betiko ondorioak aurkeztuko dituzte aldeek. Auzipetuei leporatzen zaizkien delituetan eta haientzako eskatzen den zigorretan aldaketarik baden argituko da orduan. Josu Izagirre Arabako fiskal nagusiak iragarria du zenbait auzipeturekin akordiotara heldu dela, eta haientzako zigor eskaria murriztu dezake. Ez da akordiorik izan, ordea, fiskaltzaren eta akusatu nagusien artean, eta azken horiek egozten zaizkien delituak ukatu dituzte.

Alfredo De Miguel EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi, Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioko diputatu ohi eta auziko akusatu nagusia izan zen deklaratzen lehena. De Migueli legez kanpoko komisioak kobratzeko ustelkeria sare baten buru izatea leporatzen dio fiskaltzak. EAJko agintari ohiak ukatu egin ditu akusazio guztiak, eta ziurtatu du ez zuela "inolako zerikusirik" izan auzian ikertzen ari diren kontratuen adjudikazioan. De Miguelek berretsi du inoiz ez duela "komisiorik edo ordainik" onartu edo eskatu kontratu publikoak ematearen truke. Fiskalak 27 delitu leporatzen dizkio, eta ia 55 urteko zigorra eskatzen du harentzat.

Defentsa estrategia berari jarraitu diote Aitor Telleria EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohiak eta Koldo Otxandiano EAJko kide ohiak ere. "De Miguel auzia asmakeria hutsa da", adierazi du Telleriak. Otxandianok nabarmendu du ez dagoela "dokumentuen babesik", legez kanpoko komisioak jaso zituztela frogatzeko. Eta esan du Ertzaintzak bere etxean aurkitutako koadernoa ez litzatekeela froga gisa onartu beharko. Ordainketa irregularrak izan daitezkeen zenbait datu azaltzen dira koaderno horretan. Fiskalak 32 urteko eta bi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Telleria eta Otxandianorentzat.

Gurutz Larrañaga Juan Jose Ibarretxeren gobernuan Kultura eta Gazteria sailburuorde izan zenak argudiatu du berak ez zuela inolako ardurarik bere sailak 2006 eta 2009 urteen artean Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei zuzenean esleitutako kontratuetan. Horren ardura Gazteria zuzendaritzarena zela adierazi du. Haren esanetan, bera "orri soil bat" sinatzera mugatzen zen, eta Gazteria zuzendaritza arduratzen zen kontratuaren proposamena aztertzeaz, enpresak hautatzeaz eta hitzartutakoaren jarraipenaz eta kontrolaz. Javier Sanchez Robles zen orduan Gazteria zuzendaria eta harentzako 18 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak. Larrañagarentzat, berriz, 17 urteko espetxealdia.

Akusatu nagusiek ez bezala, bi auzipetuk aitortu dute komisioak ordaindu eta jaso izana. Josu Arruti Sidepur enpresako administratzaileak onartu duenez, De Miguelek eta biek Riera eraikuntza enpresako legez kanpoko komisioak jaso zituzten Zanbranan (Araba) industrialde bat sortzeko kudeaketa lanak egitearen truke. Arrutik azaldu du De Miguelek 2005ean proposatu ziola Riera taldeari 161na mila euro eskatzea, eta eskaera onartu egin zuela enpresako arduradunetako batek, Francesc Fernandez Jovalek.

Fernandez Jovalek berretsi egin du Arrutiren deklarazioa. Haren arabera, Arrutik komisioa eskatu zienean komentatu zion proiektua aurrera ateratzeko balioko zuela: "Esan zidan proiektua dinamizatuko zuela, hain garrantzitsua eta epe luzekoa den proiektu batean egon daitezkeen oztopoak gainditzeko eta administrazioarekin harreman ona edukitzeko, komenigarria zela ezagutzen zuen norbait izatea". Fiskalak zazpi urte eta erdiko espetxea eskatu du Riera eraikuntza enpresako arduradunarentzat eta 19 urte eta hamar hilabetekoa Arrutirentzat.

Gaurkoan, azkenak

Estibaliz Arruti eta Gorka Errasti izan dira auzian akusatutakoen artean deklaratzen azkenak. Arruti Josu Arrutiren arreba da eta Sidepur enpresako langile bakarra. Gaurko saioan, ukatu egin du bere anaiak jaso zituen komisioen berri zuenik.

Gorka Errasti Estibaliz Arrutiren senarra da eta Zanbranako hirigintza operazioan parte hartu duten hainbat enpresekin du lotura: Arle, Zerulur eta Nai Duenak. Azken horretako langile da Ainhoa Bilbao De Miguelen emaztea. Errastik adierazi du ez zitzaizkiola arraroak iruditu bere enpresek Riera eraikuntza enpresarengandik jaso zituzten ordainketak. Adierazi duenez, enpresa horrekin batera egin zituen obra batzuengatik jaso zuen diru kopuru hori, eta onartu du ez zuela ordainketa fakturatu.

'De Miguel auzia'

2009ko abenduan Ainhoa Alberdi abokatu eta enpresariak fiskaltzaren aurrean jarritako salaketa batek ezagutarazi zuen Arabako ustezko ustelkeria kasua. Enpresariak salatu zuen Alfredo De Miguelek eta Aitor Telleria ABBko kide ohiak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela Arabako Miñaoko Teknologia Parkearen hedapena kudeatzeko Urbanorma izeneko enpresa bati emandako kontratu batengatik. Hilabete batzuk geroago, Ertzaintzak zortzi lagun atxilotu zituen ustezko irregulartasun horiekin lotuta; tartean, De Miguel eta Telleria bera.

Auzi horretatik tiraka etorri ziren inputazio gehiago, eta, ikerketak aurrera egin ahala, mataza nahaspilatuz joan zen. De Miguel hainbat elkarteren arteko "sare" bateko buru izan zela uste du fiskaltzak, eta, ustez, sare horrek kontratu publikoak modu irregularrean lortzen zituela eta legez kanpoko komisioak kobratzen zituela dio. Fiskaltzak dioenez, De Miguelen enpresa sareak 700.000 euro inguru kobratu zituen komisioetan eta hamasei milioi bestelako operazioetan, "kontratu simulatuen bitartez". Komisioak jaso zituen, besteak beste, Miñaoko Teknologia Parkeko lursail batzuen salerosketagatik, eta Zanbrana herrian (Araba) kale egin zuen lursailen kalifikazio aldaketa urbanistiko baten truke, hainbat enpresa erabilita.

Guztira, 26 lagun daude auzipetuta eta fiskaltzak 439 urteko kartzela zigorra eskatu du orotara; eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa leporatuta, besteak beste.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.