atxiloketak

Del Campo eta Martin aske utzi dituzte

Pauen euroagindu saioa maiatzaren 25ean egingo dute Martinen aurka. Biak Eiheralarren atzeman ditu Frantziako Poliziak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez, "errepresio bideetan sakontzeko hautu argia egin du Frantziako Gobernuak".

2010eko maiatzaren 19a
16:50
Entzun
Frantziako Poliziak Aurore Martin eta Jean Luc del Campo atxilotu ditu gaur Eiheralarren, eta arratsaldean Del Campo libre utzi du, lehenik, eta Martin ondoren. Paueko Auzitegian Martinen kontrako euroagindu saioa egingo dute Batasunaren aurkako auziarekin lotuta, datorren maiatzaren 25ean.

2008an ere atzeman zuten Martin, Batasuneko beste hamahiru kiderekin batera, baina hiru egunera askatu egin zituzten denak.

"Errepresio bideetan sakontzeko hautu argia egin du Frantziako Gobernuak, Euskal Herrian dituen arazo politikoak elkarrizketaren konpontzea baino nahiago baitu jazarpenaren bidez arazoak isildu eta estali", adierazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. "Kontrol soziala izugarri areagotu da azken urteotan, gazteen aurkako fitxaketa masiboak eta atxiloketak ugari izaten ari dira. Atxiloketa hauek guztiak Frantziako Gobernuaren ezintasun eta ahultasun politikoaren erakusle argia dira". Gaur Donibane Garazin (Nafarroa beherea) egingo den manifestazion parte hartzeko deia egin du AAMk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.