auzitegi nazionala

Del Rio askatzea beste aukerarik ez zutela aitortu dute epaileek aho batez

Auzitegi Nazionalak askatu ezean Auzitegi Konstituzionalak egingo lukeela diote autoan; ez zegoela hara jotzeko beharrik.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko urriaren 23a
13:34
Entzun

Aho batez hartu du erabakia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak, plenoan. Fiskaltzaren txostena esku artean zuela, eta haren interpretazioarekin bat eginda: Ines del Rio askatu beharra dago. "Ez dago beste aukerarik". Ordu eta erdiz bilduta egon ondoren jakinarazi erabakia epaileek: "Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Sala Handiak kaleratutako epai irmoa beteta, Ines del Rio Prada berehala askatzea" agindu du auto bidez; eta Auzitegi Nazionalak 2008ko ekainean emandako aginduak indargabetzea. Del Rio askatu behar zen egunaren bezperan, kaleratzea 2017ra atzeratzeko agindu zuen duela bost urte eta lau hilabete kaleratutako auto hark.

"Estrasburgoren epaia argia da urratutako eskubideei konponbidea jartzeko moduari buruz", ohartarazi die aurrez Fiskaltzak epaileei: "Del Rio anderearen askatasuna eperik laburrenean bermatzea beste biderik ez dago". "Europako Giza Eskubideen Auzitegiak kaleratutako epaiak ez du inolako aukerarik ematen".

09:20etan hasi zen, atzo, Del Riori buruzko epaia nola bete erabakitzeko Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako presidenteak premiaz deitutako osoko bilkura. Ezohiko saioa izan zen, gai bakar hori aztertzekoa. Erabakia Fiskaltzak iragarritakoaren bidetik etorri zen, eta argudioek argi utzi zuten epaileek ezin zutela bestela jokatu: "Irmoa da, Europako Itunaren 44. artikuluak jasotzen duenez", dio asteleheneko epaiari buruz.

Estrasburgoren erabakiaren argudioak errepikatu, eta Del Riori hainbat eskubide urratu zaizkiola jaso du Auzitegi Nazionalak kaleratze epaian: "Delituaren unean indarrean zegoen arauak ezarritakoa baino espetxealdi luzeagoa pairatu du, eta (Estrasburgoko) auzitegiak ebatzi du modu irregularrean dagoela atxilotua 2008ko martxoaren 7tik".

Presoa askatzeko Estrasburgok Espainiari emandako agindua ere hitzez hitz jaso du Auzitegi Nazionalak: "Epaiaren arabera egin den urraketaren izaera dela eta —mantentzen ari den askatasun gabezia irregularra— salatutako estatuak kaltea konpontzeko aukera besterik ez du (...) eta Del Rio Prada eperik laburrenean aske uzten dela bermatzeko estutzen du Espainia".

Auzitegi Nazionalak ohartarazi du Estrasburgoko epaiak nahi eta nahi ez "bete beharrekoak" direla Espainiarentzat. Espainiak oinarrizko eskubideen babeserako Europako Ituna izenpetua duela, eta, itunaren 46.1 artikuluan jasota dagoenez, adierazpena sinatu dutenek Estrasburgoko epaiak betetzeko konpromisoa dutela.

Areago, Europako Ituna Espainiako Konstituzioan barnebildua dagoela ohartarazi du. Konstituzioko 96.1 eta 10.2 artikuluek jasotzen dute Europako Itunaren irizpideak jarraitu behar direla. "Europako Auzitegia da hitzarmena interpretatzeko organoa, eta haren erabakiak nahitaez bete beharrekoak dira sinatzaile diren estatu guztientzat".

Azalpenak eta abisuak

Epaileak eta auzitegiak "esklusiboki" legearen arabera jardutera behartuta daudela ohartarazi du Auzitegi Nazionalak, bestelako irizpide politikoei ezin dietela jarraitu abisu eman nahiko balu bezala.

"Ondorioa argia da", ebatzi du: Del Rio askatu behar da, eta hori, "lehenik", Auzitegi Nazionalari dagokio. Hala egin ezean, azken instantzian Konstituzionalak egingo lukeela azaldu du, baina, kasua argia denez, ez dela horraino iritsi beharrik. Ikusi beharko da haren erabakiaren argudioak sendotzeko azalpena izan den, edo beste kasu batzuetan prozedurak luza ditzakeela iragartzeko modua izan den. Luzamenduetatik harago, bide antzua litzatekeela iradoki du, hala ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.