Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxoaren 1ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira herri plataforma bat aurkeztu dute gaur eguerdian, Bilbon: Demokrazia Hiru Milioi (D3M). Ezker abertzaleko kide ezagunak egon dira agerraldian: Itziar Aizpurua, Julen Aginako, Amparo Lasheras, Itziar Lopategi, Unai Urruzuno, Idoia Ibero, Miren Legorburu eta Juan Manuel Erasun. Haiekin, Gabi Basañez -EHEko kidea-, Haizea Ziluaga -abokatua-, Txerra Bolinaza -musikaria-, Ane Muguruza -Josu Muguruzaren zenaren alaba-, Andoni Txasko -1976ko martxoaren 3ko biktika-, Patxi Marta eta Jesus Valencia ere izan dira.
Gaurko egoeran "benetako aldaketa" gauzatu nahi dutela esan du Lopategik, Euskal Herriko hiru milioi biztanleek etorkizuna modu askean erabakitzeko, eta Espainiako auzitegiek plataforma debekatzeko "arrazoirik ez" dagoela uste dute.
Dena dela, Candido Conde Pumpido Espainiako Estatuko fiskal nagusiak dagoeneko eman du ekimena ikertzeko agindua.
"Espazio independentista eta aurrerakoia" eratzeko pausoa dela esan du Lopategik, eta EAJk bloke horri "beldurra" diola.
Plataformak EAEko hainbat udaletan baimena eskatu du sinadurak biltzeko. D3Mk gutxienez 17.700 sinadura beharko ditu hautagaitza aurkezteko: 9.500 Bizkaian, 5.700 Gipuzkoan eta 2.500 Araban. Era berean, beharrezko dokumentuak eskatu ditu dagoeneko hauteskunde batzordeetan. Sustatzaileek hautagaien zerrenda urtarrilaren 21 eta 26 bitartean aurkeztu beharko dute.
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak urtarrilaren 2an jakinarazi zuen bozak martxoaren 1ean izango direla. Eusko Legebiltzarrerako bederatzigarren hauteskundeak dira. Otsailaren 13an hasiko da kanpaina.
Politika
Demokrazia Hiru Milioi herri plataforma aurkeztu dute, martxoko hauteskundeetan parte hartzeko asmoz
Ezker abertzaleko kideak egon dira agerraldian, eta "espazio independentista eta aurrerakoia" eratzeko xedea dute. Eusko Legebiltzarrerako bozetarako hautagaitza aurkezteko gutxienez ia 18.000 sinadura beharko ditu, hilaren 21erako. Espainiako fiskal nagusiak dagoeneko eman du ekimena ikertzeko agindua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu