AUTOGOBERNU LANTALDEA

Demokrazia prozesu "dinamikotzat" jo, eta erabakitzeko eskubidea babestu du Gibernauk

Espainiako erkidegoen "integrazioa" indartzea proposatu du Francesc de Carrerasek Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean.

Montserrat Gibernau —ezkerrean— izan da hizlarietako bat. EUSKO LEGEBILTZARRA
2014ko azaroaren 26a
15:01
Entzun

Montserrat Gibernau i Berdun soziologoa eta Francesc de Carreras zuzenbide konstituzionaleko katedraduna izan dira legebiltzarreko lantaldean. Gibernauk Kataluniako prozesu subiranista izan du hizpide, eta independentziari buruzko erreferendum bat egin ahal izatearen alde agertu da: "Herritarren iritzia jakin behar dugu".

Gibernauren esanetan, demokrazia ez da "estatikoa", prozesu "dinamikoa" baizik, eta, hortaz, gizartearen eboluzioaren arabera "eraldatu" daitekeela uste du. Adibide gisa jarri du Eskozian estatu independenteaz eginiko erreferenduma, eta Espainiak eta Erresuma Batuak izandako jarreren "aldea" azpimarratu du.

De Carrerasek, ordea, erabakitzeko eskubidea ukatu du, Espainiako erkidegoen "integrazioa" babestearekin batera. Kataluniari erreparatuz, esan du prozesu subiranistaren "sustatzaileek printzipio demokratiko abstraktu bati" egiten diotela erreferentzia, eta hori argudio "ahultzat" jo du "legezkotasun demokratikoaren" aurrean.

Erkidegoen "integraziorako" bidean, Espainiako Senatua moldatu eta ganbera federal bat bihurtzearen alde agertu da, bertan erkidegoetako gobernuek ordezkaritza izan dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.