Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eskua luzatu dio «demokraziarako bidea» egin nahi duen orori. «Esku batean sendotasun demokratikoa izan behar dugu, indarkeriaren bidea jarraitu nahi duen orori aurre egiteko. Beste eskuan ere demokrazia izan behar dugu, hala nahi duen edonori demokraziaren bide bateratzailea erakusteko».
Atzo Donostian aurkeztu zituen PSE-EEk 2011ko foru hauteskundeetarako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak, eta ekitaldi horretan egin zituen adierazpenok Lopezek. Ezker abertzalearen aurrean batasuna nahi du lehendakariak: «Ezker abertzalea mugitzen bada, -eta hori mundu guztiak aitortzen du jada-, besteak ezin gara bakoitza gure bidetik joan, eta, hala, demokraten arteko aldeak handitu».
2011ko foru hauteskundeak «oso garrantzitsutzat» jo zituen Lopezek, «bai sozialistentzat, baina are garrantzitsuagoak herri osoarentzat». Izan ere, Eusko Jaurlaritza «sustatzen ari den aldaketari bultzada» bat emateko aukera gisa ikusten ditu hauteskundeak. Aldaketa hasi besterik ez dela egin esan zuen.
Txarli Prieto, Jose Antonio Pastor eta Miguel Buen izango dira, hurrenez hurren, PSE-EEk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak. Hirurak «esperientzia politiko luzeko gizonak» direla adierazi zuen Lopezek, eta urte asko daramatela «ideia sozialistekin gizartearen alde lanean». Hautagaiek hiru lurralde, baina herrialde proiektu bera defendatuko dutela nabarmendu zuen.
Eusko Jaurlaritza egiten ari den kudeaketaren alde agertu zen sarritan. «Baliabide publikoak asko jaitsi dira, krisi ekonomikoa dela eta; baina gutxirekin gehiago egiteko gai garela erakutsi dugu». Ez zen egoera ekonomikoa aipatu zuen une bakarra izan: «Ez da dirua xahutzeko unea, eta ezin gara jolastu lurralde bakoitza gauza bat izatera, hori jasangaitza delako». «Elkarlanerako unea» dela esan zuen, eta ez «bizkarra ematekoa». Gainera, «gastuak ez biderkatzeko» azpiegitura, zerbitzu eta prestakuntzen «mapa bat» osatzea proposatu zuen.
EAJ, jomugan
EAJ hizpide izan zuen Lopezek. PSEk «borroka amaigabearen garaia» atzean utzi duela deritzo, eta atsekabea azaldu zuen «beste batzuk atzera begira» daudelako: «Ez dira konturatzen jada XXI. mendean gaudela, denbora gutxi barru Euskadi metropoli handi bat izango dela, eta ordu erdi eskasean abiadura handiko trenak hiru lurraldeak batuko dituela».
Amaitu da, Lopezen aburuz, «EAJk guztia erabaki eta inposatzen zuen garaia». Jaurlaritzan PSE-EE denetik, «Euskadi herrialde askoz lasaiagoa» dela gaineratu zuen. «Orain ez ditugu plan zatitzaileak egiten, bat egitekoak baizik. Ez goaz hor zehar gure obsesio subiranisten berri ematen». Argudio falta leporatzen dio Lopezek EAJri: «Herri hau gobernatzeko zilegitasuna zuten bakarrak eurak zirela uste zuten; ez dute beste argudiorik».
Prietok, Pastorrek eta Buenek erePSE-EEk osatutako Jaurlaritzaz jardun zuten. «Aldaketa» Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietara eramatearen aldekoak dira. Prietok «balioak defendatzeko politika» egingo duela agindu zuen, eta ez dutela «lubakien politikarik» egingo: ideia demokratiko guztiek lekua izatea nahi dugu».
Pastorren ustez, PSE-EEk «inoiz baino gertuago» du foru hauteskundeetan garaipena eskuratzea. PSE-EEk «politika berriak eta politika egiteko era berriak» ekarri dituela argudiatu zuen, eta, horregatik, garai politiko bat zabaldu dutela azaldu zuen.Buenek hamar puntutan oinarritu zuen Gipuzkoarako nahi duen aldaketa. Ezker abertzalearen mugimenduen harira, hauxe esan zuen: «ETA desagertuta ere, ezin dugu sinetsi gaiztoak, dekretuz, on bilakatzen direnik».
«Demokraziarako bidea egin nahi duenari» eskua luzatu dio Lopezek
Ezker abertzalea mugitzen bada «demokratak» ezin direla bakoitza bere bidetik joan esan du lehendakariak PSE-EEk Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako aldundietarako hautagaiak aurkeztu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu