Udalbiltzako auzipetuak ez dira bakarrik egon prentsaurrekoan. Atzean izan dituzte, babesa adierazten, alderdi politikoetako, sindikatuetako eta beste alor batzuetako ordezkariak. Han izan dira, besteak beste, Santi Merino EAko kidea, Mikel Izagirre Urnietako alkatea, Fito Rodriguez idazlea, Martxel Toledo ESAITeko kidea eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria. Guztien izenean, Jon Moñux EILASeko ordezkariak Udalbiltzaren zilegitasuna defendatu du. Ekimenaren aurkako auzia «demokraziaren kontrako eraso oso larria» dela nabarmendu du. Zigorrik bada, erasoa «are larriagoa» litzatekeela gaineratu du.
Hautetsiek ordezkaritza demokratikoa osatzen zutela oroitzearekin batera, instituzioetan lan egitea oinarrizko eskubidea dela esan du. Lan gardena egin zutela deritzo, eta, hortaz, ekimena ezin dela zigortu.
Moñuxek argi du nolakoa izan behar duen epaiak: «Justizia egiteak absoluzioa besterik ez du ametitzen». Etorkizunerako, jarduera askerako eskubidea eskatu du «Euskal Herri osoko udal hautetsi guztientzat».
Elkartasuna han eta hemen
Prentsaurrekoan, EA, Aralar, Alternatiba, ezker abertzalea eta abar izan dira, baina auzipetuen aldeko elkartasun adierazpenak hainbat herritan izan dira, baita Euskal Herriko mugetatik kanpo ere. 60 euskal eragilek salaketa eta elkartasun manifestu bat sinatu zuten. Bestalde, Plazak Bete! Udalbiltza aske! lelopean, Bai Udalbiltzari Sareak antolatutako elkarretaratzeak egin zituzten hainbat herritako plazetan.
Nazioartetik ere babesa jaso dute udal hautetsi epaituek, nazioarteko ordezkari instituzionalek eta jurista ugarik auzia salatu baitute.
Demokraziari eginiko erasoa dela diote eragileek
Eragile politiko eta sozial ugarik babesa eta elkartasuna adierazi diete 'Udalbiltza auzian' epaitu dituztenei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu