Urriko lehen igandearekin, hilaren 2an izango da Kilometroak, Bergaran. Demasa leloa aukeratu dute aurtengo. "Aniztasuna" lotu dute lelo horrekin: adin ezberdinak, pentsaera ezberdinak, jatorri ezberdinak... Horiekin lan egin dute jaiaren bueltan. Besteak beste, Haurren Basoa umeen parte hartzearekin diseinatu dute, eta zirkuitua gurpildun aulkian egiteko prestatu dute Aspace elkartearen laguntzaz.
Zirkuituarena izango da jaiaren berritasunetako bat. Zirkuitu nagusia herrigunean egongo da; bost kilometroko ibilbidea, ezinduentzat egokitua. Beste aukera bat ere egongo da: mendialdean prestatu dute beste zirkuitu bat, Bergarako ikuspegiaz gozatzeko aukera emango duena.
Egitarau oparoa prestatu dutela nabarmendu dute antolatzaileek, "bai umeentzat, bai gazteentzat, bai helduentzat". Hainbat ikuskizun izango dira, eta tartean nabarmendu dute Doctor Deseo taldeak euskaraz emango duela kontzertua.
Jaiaren nondik norakoari buruzko oharrak ere eman dituzte. Batetik, garraioa: autobusa erabiltzeko eskatu dute bereziki, eta inguruko herrietatik bizikletan joateko deia egin dute, aparkaleku batzuk propio prestatu baitituzte. Autoan joatekotan, bi aparkaleku izango dira prest. Bestetik, jai giroa: gehiegizko alkohol kontsumoa saihesteko neurriak hartu dituzte, eta sexu erasoen aurkako protokoloa ere badute. "Berdintasuna eta errespetua. Hor sartzen ez direnak ez ditugu ondo hartuko. Ingurua eta ingurukoak errespetatu behar dira".
Bergarako Aranzadi ikastolak antolatu du aurtengo jaia, eta ikastetxean 2010ean egindako obrak ordaintzera bideratuko dute dirua. Bideoa: aurtengo bideoklipa (Kilometroak).
[YouTube]https://youtu.be/oMNQh9eNVHI[/YouTube]