Iruñean egin dituzte beharrezko prestaketak ordu gutxi barru txupinazoaren eztandak jaien hasieraren berri eman dezan. Eguerdiko hamabietan izango da hori, udaletxetik Eduardo Vall zinegotziak (PSN) eta Ana Irene Rodeles ONCEko langileak txupina botako dutenean. Gauza asko egongo dira prest, baina, festak iraungo duen 204 orduetan dena listo izateko. Programako 437 ekintza ofizial 204 ordutarako. Bat 28 minutuan behin. Udalak 2,1 milioi euroko aurrekontua bideratuko du ekintza ofizial horietarako, iaz baino 300.000 euro gutxiago. Egunero Twitter bidez sanferminek emandakoa bertatik bertara jarraitzeko, #SFK13 traola egongo da erabilgarri.
Aurreikuspenen arabera, eguraldia ere lagun izango da sanferminen hasierako egunean, eta, beste behin ere, bazter guztietatik etorriko den jendea espero da. Zezenak ere ez dira altako, 848,6 metroko ibilbidea izango baitute lasterka egiteko, igandetik hurrengo igandera bitartean korrituko diren entzierroetan.
Zezenketen aurkakoek, berriz, entzierroen kontrako protesta egin dute gaurko egunean, AnimaNaturalis eta PETAk deituta. Sanferminetan zezenek pairatzen duten “sufrimentua” eta “erailketak” salatzeko, aktibistek “lur emate bat” antzeztu dute, erdi biluzik.
Ez dira faltako, zoritxarrez, urtero gertatzen diren lapurretak eta bestelako delituak. Horiek saiheste aldera, Iruñeko Udaltzaingoak hainbat aholku eman ditu herritarren segurtasuna handitu nahian.
Izan ere, azpimarratu dutenez, egun hauetan gehien ugaltzen diren delituak diru zorroen lapurketei lotutakoak dira. Horiek saihesteko, Udaltzaingoak eskatu du begi bistatik ez galtzeko, besteak beste, esku poltsak, bizkar zorroak eta kamerak, eta “diru justuarekin ateratzeko” kalera.
Poliziak aholkatu du, era berean, dokumentazioaren egiaztatutako fotokopiak eramatea, jatorrizkoak etxean utzita, eta diru zorroak arropen aurreko poltsikoetan gordetzea. Esku zorroei dagokienez, “beti gurutzatuta eta aurrerantz begira”, adierazi dute.
Albora gerturatu eta arrazoi garbirik gabe igurtzen dutenez ere ez fidatzeko eskatu dute. Baita behar izanik gabeko laguntza eskaintzen dutenez ere. Indarkeriaz egindako lapurretei dagokienez, neurriak hartze aldera, jende eta argi gutxiko lekuak saihesteko eskatu dute, eta behin ateta barruan sartuta atea ixteko. Izan ere, nahiz eta jaiegunetan “harraroa ez izan” jende ezezaguna etxe inguruetan ikustea, erne egoteko eskatu du Udaltzaingoak. Horrela, norbait segika dabilela sumatuz gero, atetan sartu ordez, leku publiko batera joan eta 092 telefonora deitzea aholkatu dute.
Komertzioetan ere iruzurraren biktima izateko arriskua dagoela jakinarazi dute, nahiz eta hori saihesteko “neurriak egon”. Horrela, balkoiak edo etxebizitzak alokatzeko garaian jabearekin harremanetan jarri aurretik dirurik ez aurreratzea aholkatu dute. Edozein arazoren aurrean frogak izateko, “oinarrizko kontratu bat sinatua" izatea gomendatu dute.