Denboralea

Dena zurituta, laranjatik horira

Hotz handia egingo du eta indarrean da alerta horia, izotzagatik. Egunotan Castejon parean itxita eduki duten N-113 errepidea zabaldu dute berriro.

Arantxa Iraola-Ainhoa Oiartzabal
2015eko otsailaren 7a
20:15
Entzun

Denboraleak irudi ederrak laga ditu egunotan Euskal Herri osoan, eta, elurra egiten duenetan ohikoa denez, arazo franko ere eragin ditu. Elurra eta izotza —hotz handia espero da datozen orduotan—; biekin ibili beharko da erne asteburu osoan, baina ez da uste aparteko zailtasunik izango denik. Hartu dira, hala ere, hainbat prebentzio neurri, eta, esate baterako, Eskola Kirola jarduerak bertan behera utzi dituzte astebururako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek.

Errepide sarean, oraindik itxita daude bigarren mailako mendate batzuk. Castejon parean, N-113 errepidea, ireki dute.

Zenbait tokitan, pozarren hartu zituzten malutak. Oraindik zuritzeko zegoen, esaterako, kostaren ekialdea. Irudi politak ikusi ziren —hondartzak, tartean Donostiakoak, elurtuta—. Baina ez zen urrun barealdia: bazterrak zuritu eta berehala bakandu ziren malutak, eta ez zen aparteko arazorik izan. Gipuzkoaren barruko aldean, aurreko egunetan bezala, neurri zorrotzagoak hartu behar izan ziren, eta, esate baterako, Mondragon Unibertsitateak ez zuen eskolarik eman Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko egoitzetan. Bizkaian ere ezin izan zituzten ireki hainbat ikastetxe, elurrak eta izotzak eragindako eragozpenen ondorioz, baina gainerakoan ez zen izan nabarmentzeko erakorik.

Araban, metro erdi garai izatera iritsi zen elurra, eta itxita egon ziren hainbat mendate. Errepide sare nagusia, ordea, irekita egon zen egun osoan, eta ez zen gorabehera handirik izan. Gasteiz zuri-zuri egon da egunotan, baina atzo elur gutxiago egin zuen, eta lan handia egin zen bazterretako elurra erretiratzeko; elurra kentzeko 33 makina eta 370 lagun ibili ziren beharrean. Gasteizko Udalak esan du langile horiek atseden hartuko dutela asteburu honetan, eta beste 109 lagun kontratatuko dituela elurra eta izotza kentzen jarraitzeko. Beharko. Izan ere, oso arriskutsuak dira orain Gasteizko kaleak: hango erietxeetan, ehundik gora lagun artatu behar izan dituzte egunotan, erori eta min hartuta.

Nafarroan ere itxita egon ziren hainbat errepide, elurrarengatik, bigarren mailakoak denak. Agintariek abisua eman zuten datozen orduotarako: izotzarekin adi ibiltzeko. Bestalde, itxita jarraitzen du lehengo astetik N-113 errepideak Castejon parean; euria izan zen orduan arazoaren kausa, ugari bota baitzuen, eta gainezka egin baitzuen Ebrok.

Hegazkinak hartu ezinik

Garraio publikoak, oro har, ondo erantzun dio denboraleari, eta, gorabeherak izan badira ere —hiriburuetako goi auzoetako autobus zerbitzuetan horietako zenbait—, ez da arazo handirik izan. Salbuespen bakarra Forondako aireportua izan da; iluntzetan aritzen dira bertan lanean, eta ostegun gauean eragozpen handiak izan ziren. 22 hegazkin espero zituzten, eta bakar bat ailegatu zen aireportura. Langile batzordeak, jazoeraren harira, salaketa bat egin du; izan ere, esplikatu dute aireportuko pista garbitzeko langileak falta direla, eta horrek eragotzi zuela funtzionamendua. Esan dutenez, aireportuko lantaldean egindako «murrizketak» daude arazo horren atzean; diotenez, garai batean hogei bat laguneko lantalde bat prest egoten zen horrelakoetarako, eta gaur egun bost suhiltzailek egin behar izaten dute iluntze osoko lana.

Eguraldi iragarpenean, hotza nabarmendu dute meteorologoek astebururako: gehienera ere zazpi gradukoak izango dira tenperaturak. Baina, prezipitazioak urrituta, bukatu da denboralea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.