Kostaldea hondamendi eremu izendatzeko aukera aztertzen ari zirela jakinarazi zuten atzo bai Donostiako Udalak baita Jaurlaritzak ere, baina gaurkoan ez du oso argi ikusten Donostiako alkateak, lege aldaketak egon baitziren. Hala ere, txikizioari aurre egiteko "legezko formula ez da horren garrantzutsua", haren ustez. "Erakunde guztien inplikazioa" da beharrezkoa, eta "tratamendu berezia" ematea gertatu denari. Horiek eta gehiago esan ditu alkateak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
"Adierazpenak konpromisoetan islatzeko ordua" heldu zaie erakunde publikoei, egoera ez baita xamurra; izan ere, alerta gorria iragarrita zegoen, baina "aurreikusitakoa baino larriagoa" izan da gertatu dena, eta hartutako neurri guztiak gainditu ditu enbatak. Horregatik, gertatutakoak erantzun bateratua eskatzen duela berretsi du.
Itsas ertza gehien kaltetua
Donostiak itsasora begira duen ertz osoa dago "oso kaltetua", eta, adibidez, hor "jabetza" Espainiako Gobernuarena da. Horrez gainera, herriko zubiak hondatuta daude —Kursaalekoak eta Mundaikoak egiturazko kalteak dituzte— , eta kale bazter askotan egin beharko dira lanak. Negozio eta etxebizitzak ere badira alkatearen kezka iturri nagusietako bat, "herritarrei eragiten dizkieten kalteak".
Biharkoari begira
Bihar berriz zazpi metro inguruko olatuak espero dituzte kostaldean, eta hori dela-eta berriz ere neurriak hartu beharko dira. Krisi mahaia deituta dago, baina "eraginkorra" da oso taldea, azkenaldian "askotan" elkartzea egokitu baitzaie eguraldia dela eta. "Herritarren portaera" da orain garrantzitsua, alkatearen ustez, eta udalak egiten dituen aholkuak kontuan hartzeko eskatu du, "autoak lekuz mugitzeko, ez hurbiltzeko leku arriskutsuetara eta horrelakoak".