Politikarien berriketa oportunistari ihes egin nahi eta ezkaratzean bertan egin nuen tupust kanpainarekin, asteazken buruzuri batean, etxeko postontzia zabaldu eta Espainiako Barne Ministerioak igorritako goraintziak —eta bide batez, hautagaien zerrendak— aurkitu nituenean.
Pikareska makurrekoa iruditu zitzaidan zorroa, nola azalez, hala mamiz ere, eta errepasoa egin nion Hendaiaraino heltzeko egindako ibilbideari. Gutunaren aurrealdeak berak argi adierazi bezala, Estatu espainiarreko aparatuak igorria zen, Estatu frantsesean garroen moduan luzatuak dituen kontsulatuen bidez, Lapurdira atzerriratu den honek, nik, sorleku izan zuen probintziako (esan nahi baita Gipuzkoako) hautagaien artean nire pentsamoldearekin bat letorkeen alderdikoak (noski, aurrez estatuaren legearen bahetik pasatakoak) Madrilerako aukera ditzadan. Postaz boza eman dezadan. Nire eskubidea omen delako. Nire eskubide espainola. Nire espainol eskubidea. Nire zama, bi estatuen indar zentripetoak neurririk gabe handitzen diren bazterrotan etengabe gogorarazten didatenez.
Luzaroan geldirik izan dugu denbora. Ez aurrera eta ez atzera, ur uherrak bezala oztopatuta. ETAgatik omen, edo ETAri esker, edo ETAren erruz, edo dena dela. Aro berriak presatu egin gaitu bat-batean. Tren lasterrak baino abiadura biziagoak nahi ditugu, nahi dituzte, eta omnipresentzia, lohiak garbitzeari ekinda, politika izan litekeenaren artea dela sinesten hasita. Lehen ezer gutxi eta pakete osoa onartu dugu, dute, orain, eta gogotsu. Baita Madrilera joatea ere.
Estatuek araututako jokora ezinbestean makurtu beharrak kezkatzen nau. Instituzioen zurrunbilo eroan iparra galtzeak. Bidasoaz honakoak arrozten dituen Hegoalde horrekin konformatzeak eta gainera hamaika ez baino hamalau garela sinesteak. Eta Frantzian zer moduz bizi naizen galdetzen didan tolosar abertzaleak. Edo arratsaldeko zazpietan afaltzen dudalako seko frantsestu naizela aurpegiratzen didan irundarrak. Eta euskaraz mintzatuta ere, eta sortzez tolosarra naizela jakinagatik ere, eta jator itxurakoak izanagatik ere, 'la damme spagnole' deitzen didaten bizilagunek. Eta Hendaiako ikastolako irakasleek, Gaintxurizketara edo Lesakara irtenaldia egin nahi duten bakoitzean, nire haurrek pasaportea edo polizia baimena ezinbestekoa dutela mehatxu tonuan gogorarazten didatelako («bestela ezingo dute joan»). Eta nire haurren lagunen gurasoek, praktikotasunaren izenean «tira, horrela da eta onartu egin behar da, haurrengatik egin» bezalako esaldiez isiltzen dituztelako purrusta imintzioak. Errazkeria horiek.
Barkatuko ahal dit aspaldi honetan nabarmendu den euforia kolektiboak. Baina larrituta naukaten gaiotan ordulariaren orratzak ez dira mugitzen. Atzerantz eraman nahi ditu inertziak.
Madrilera zertara…
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak
Denboraren amarrua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu