Dendetan euskara erabili beharrik ez izateko bidea hasi dute PSEk eta PPk

Euskaldunei saltokietan euskaraz egitea arautzen duen dekretua aldatuko du legebiltzarrak, PSEk, PPk eta UPDk adostuta

Kartelak euskaraz eta gaztelaniaz saltoki batean. Besteak beste, hori arautzen du legeak. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Euskaldunei haien hizkuntzan ez diete kasu egin beharko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltoki handiek. Hori arautzen zuen dekretua aldatzeko bidea hasi du Eusko Legebiltzarrak, PSE-EEren, PPren eta UPDren botoekin. Legea betetzen ez zuten dendei isunak ez jartzea erabaki zuen lehenbizi Eusko Jaurlaritzak, atzerapen baten bidez; orain, beste urrats bat egin du PSE-EEk, eta araua aldatzeko prozedura eraman du parlamentura. «Inposizioa» hartu du ahotan sozialisten eledun Vicente Reyesek: «Administrazioak ez ditu hartu behar enpresariei dagozkien erabakiak». Legea aldatzeko proposamenak egiteko aldia dute taldeek.

Euskaldunen hizkuntz eskubideen harira, ika-mika sortu zen atzo ere Gasteizko legebiltzarrean. Auzia, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen EAEko Estatutua; saltoki handietan euskaraz eta gaztelaniaz kasu egiteko modua izan behar dutela dio horrek, eta hala egiten ez dutenei isunak jartzeko aukera jartzen du. Orain hiru urte onartu zuten dekretua. Iazko ekainean, baina, dendek egokitzeko aldia amaitzear zutela, atzerapena ezarri zuen Jaurlaritzak; isunik ez dute jarri, beraz.

Euskaraz edo gaztelaniaz egin, dendariaren esku utzi nahi du PSE-EEk. Hala adierazi du lege proposamenean: «Informazioa euskaraz, gaztelaniaz edo bietan adieraziko da, eskaintzailearen nahiaren arabera». Isunen bidea okerra dela nabarmendu du Reyesek: «Librea izan behar du atxikimenduak, ez inposatutakoa».

Sestra izan dute PSEko eledunak eta EAJkoak, Garbiñe Mendizabalek. Legea EAJren agintaldian nola onartu baitzuten, sozialistak egotzi dio «gerra linguistikora dei egiten» aritzea. «Inposizioa bilatzen ari dira». Jeltzaleak erantzun, atzerapausoa dela dekretua aldatzea, ez dituelako bermatuko euskaldunen eskubideak. «Egungo Jaurlaritza gogoratuko dute euskaldunen hizkuntz eskubideak lurperatzeagatik».

Euskarari buruzko auzietan «adostasuna» falta dela esan du PSE-EEkoak, eta EAJ egin du horren erantzule. Hala, dekretua aldatuta «adostasuna» berreskuratu nahi dutela esan du Reyesek. Mendizabalek erantzun dio eskubideak bermatu nahi dituztela indarrean jarritako legearekin. «Modu adostu eta progresiboan aritzearen aldekoak gara, baina modu eraginkorrean». Isunik ez dutela jarri gogorarazi du EAJk.

PP, Kontseiluari erasoan

Dekretua aldatzeko bidean, PP eta UPD ditu bazkide PSE-EEk. «Inposizioaz» aritu dira haiek ere. PPko eledun Iñaki Oiarzabal eta UPDko Gorka Maneiro bat etorri dira kalterako dela lege hori. «Inposizioek kontrako eragina izaten dute, eta atzerakada dira, herritarrek baztertu egiten dituztelako», dio Oiarzabalek. Maneirok erantsi du isunak jartzea bera dela eskubideen aurkakoa.

Gaitik aterata, euskararen aldeko elkarteei eraso egiteko baliatu dute saioa biek. Maneiro: «Lotsagarria da elkarteak egotea euskara erabili nahi ez dutenei isunak jartzearen alde». Oiarzabalek Kontseilua aipatu du, erasorako: «Zein dira Kontseiluko horiek? Zein zilegitasun dute, diru publikotik bizi baitira? Euskaratik bizi den talde bat da, hizkuntz bizikidetzari kalte larria egiten diona».

EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak erantzun dio zuzenean Oiarzabali, hark esan duenean «talibanen taldeak» direla euskararen aldekoak. EAko kidea: «Horrela laguntzen zaio bizikidetzari? Hizkuntz eskubideen alde egiten dutenak talibanak direla esanda?». Atzerapausotzat jo du aldaketa, eta adostasunik ez bilatzea egotzi dio PSEri. Gogorarazi du euskaraz egiten dutenei hala erantzutea dela helburu bakarra.

Mikel Aranak (Ezker Batua) azaldu du euskaraz egin edo ez kontsumitzaileari berari aukeran jarri nahi zitzaiola legearen bidez. Hala, ohartarazi du orain legea aldatzen badute berriro egokituko dutela hurrengo legealdian, Eusko Legebiltzarrean gehiengoak aldatu egingo direla iritzita. Euskaldunek gaur egun duten egoera zein den azaldu du, esaldi bakar batekin: «Nire eskubideek ase gabe jarraitzen dute».

Aralarreko bozeramaile Mikel Basabek salatu du saltzaileen eskubideak soilik babestu nahi dituela PSE-EEk, ez erosleenak. Hala, «inposizioen aurka badago», Espainiako Konstituzioa aldatzeko eskatu dio, hark derrigortu egiten baitu gaztelaniaz jakitera.

PSE-EEren proposamena aintzat hartuta, legea aldatzeko bidea hasi da Eusko Legebiltzarrean. Proposamenak aurkezteko epea zabalik daukate taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.