«Denetarako denbora dago»

Ijitoen eskolaratzeari buruzko topaketetan hitz egin du Rocio Borja ikasle gazteak: «Nahi duenak, ahal du»

arantxa iraola
Donostia
2010eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Rocio Borjak (1987, Iruñea) Batxilergoa bukatu nahi du aurten. Buru-belarri dabil; arratsaldetan ikasten, eta goizetan lanean. «Bulegari dihardut». Ekainak kezka eragiten dio, eta ilusioa: «Unibertsitaterako hautaproba egin beharko dut». Gero ez daki unibertsitaterako jauzia egingo duen, edo Lanbide Heziketan aurretik egindako administrazio ikasketak osatuko dituen. Ate guztiak izango ditu zabalik. Lehentasun gehiago ere baditu. Aurki ezkondu egin nahi du. «Datorren urtean; orain bi hilabete formalizatu genuen harremana». Ezkontza ez du, ordea, bere formazio prozesuan traba gisara bizi nahi. Oso gazte ezkontzen dira ijito asko, eta ikasketak guztiz bazter utzita. Beste emakume eredu bat eskaini nahi du berak. «Ijito gazteei erakutsi nahi diet denetarako denbora dagoela, baita ikasteko ere».

Romi Bidean elkarteak antolatutako Eskola eta ijito familiak topaketan hartu zuen parte iragan ostiralean Rocio Borjak, beste hainbat lagunekin batera. Errealitate zaila biluztu zuten: ijitoen eskolaratzea gizarteko batez bestekotik behera dago. DBH ikasketak hasten dituzten ikasle gazteen artean, esaterako, soilik %20k bukatzen dituzte. Unibertsitatera heltzen direnak, berriz, oraindik gutxiengoa dira.

Ijitoen Idazkaritza Fundazioko ordezkariek, datu horien gainean ohartaraziz, neska-mutil ijitoentzako sentsibilizazio kanpaina aurkeztu zuten: Handitan....izan nahi dut. Hainbat lekutan bultzatu dute kanpaina. Mediku izan nahi dutela azaldu diete neska-mutilek, erizain, irakasle, futbolari. «Iruñean, esaterako, mutiko askok pilotari izan nahi dutela esan izan ohi digute; saiatzen gara esplikatzen pilotari izatearekin bakarrik ez dela aski... Zerbait gehiago izan behar dutela, bestela, kazetariak elkarrizketak egitera joaten zaizkienean motz geratuko direla. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzera animatzen ditugu», adierazi zuten kanpainako ordezkariek.

Rocio Borja 3 urte zituenean hasi zen eskolan, Iruñean bertan. Oroitzapen bikainak ditu. «Bai ikaskideen partetik, baita irakasleen partetik ere». Gurasoek beti ikastera bultzatu zutela dio; bera, eta bere bi anaiak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaituta dute hirurek, eta gurasoen bultzada, alde horretatik, erabakigarria izan zela dio.

Lan mundurako giltza izan zen Borjarentzat eskola. Ijitoen Idazkaritza Fundazioak Iruñean duen bulegoan dihardu. Oso gustura. «17 urte nituenetik ari naiz lanean». Esperientzia ezkorragoak ere izan ditu. «Praktiketan hasi nintzenean, esaterako», dio. «Iruñeko klinika batean aritu nintzen. Ez dakit zergatik izan zen, ijitoa naizelako izan zen esatera ere ez naiz ausartzen, baina iritsi orduko sotora bidali ninduten, artxibo gunera. Ez nuen ezertxo ere egin hiru hilabetean. Gogorra izan zen».

Lanean hasi zenean, ikasketak utzi zituen. Adinari egozten dio erabakia. «Nik dirua nahi nuen, gidabaimena ateratzea... Ez nuen gehiago ikasi nahi». Damu da orain. «Gehiago nahi nuela ulertu nuen, niregatik, eta nire kultura defendatzeko; horregatik hasi nintzen Batxilergoa ikasten».



«Matxismoaren» zama

Ijitoek sarri eskolari aski balio ez diotela ematen onartu du Rocio Borjak. Urte askotako «jazarpenari» egozten dio hori, eta horrek dakarren atzerapenari. «Askoz geroago hasi gara murgiltzen gu hezkuntzan». Emakumeen kasuan, oztopo bat gehiago ere bada: ijito kultura matxista da. «Hori ezin da ukatu». Eta hori ere eragozpena dela dio. «Neskek 14-15 urterako buruan izaten dute ezkondu egin behar dutela». Baina ijitoen artean ere emakume eredu gehiago agertzen ari direla dio, eta horrek aldaketak dakartzala. «Neskak hasi dira ulertzen bizitza osoa dutela ezkontzeko. Aurretik beste gauza batzuk egin nahi dituzte».

Guraso ijitoek, gero eta eskola gutxiagokoak izan, haurren eskolaratzeari ere gero eta garrantzi gutxiago ematen diotela dio. Are gehiago, eskola «inposizio» gisara ikusten dutela azaldu du. Belaunaldi berriak, ordea, ezberdin datoz. Bizitza nomada gero eta ezohikoagoa izateak, gainera, onurak dakartzala dio: «Alde guztietan: hezkuntzan, etxebizitzan, denean».

Ijitoek aski kultura errotua dute, barne muinean iltzatua. Eskolan, testuliburuetan, irakasleen azalpenetan ez dela ia inoiz ere agertzen dio. Baikorra da, hala ere. «Esaterako, irakasleak eta hasi zaizkigu Iruñean informazioa eskatzen unitate didaktiko gisa lantzeko».

Aurrerago, ondo bidean, ikasgai ere izan daitekeela dio. Era horretan, etorkizun hurbilean, elkarrengatik gertuago espero ditu ijitoak eta eskola. Egun, jada ateak irekita daudela dio: «Nahi duenak, ahal du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.