Lasarte-Oriako eta Donostiako ordezkariak aldatu ostean, PSE-EEk eta EAJk «akordio politiko bat» egin dute, San Marko mankomunitatean Bilduk duen nagusitasuna kentzeko. Akordio horren arabera, Denis Itxaso (PSE-EE) izango da mankomunitateko presidente berria, Ainhoa Intxaurrandietaren (Bildu) ordez. Itxasok «eustorma bat» izan nahi du atez atekoaren «inposizioaren» aurrean. PSE-EEk, dena den, ez du nahikotzat jo akordioa, oraindik ere Bilduk baitu gehiengoa GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketan. Horregatik, «ausart» jokatzeko eskatu die jeltzaleei, eta diputazioaren kontrako mozioarekin bat egitea galdegin die. Antzera mintzatu da PP.
Bildu egiten ari den hondakinen kudeaketa salatu dute Itxasok eta PSE-EEren Gipuzkoako udal politiken arduradun Susana Corcuerak. Jakinarazi dituzten datuen arabera, Zubietako errauste planta ez eraikitzeagatik 23 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko die Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresei. «Zaborren arazoa nola konponduko den jakin gabe jarraitzen dugu. Denbora gehiago igarotzen bada, Bilduren kudeaketa eragiten ari den arazoak konponezinak izango dira. Guk gauzak argi ditugu, eta normaltasunera itzuli nahi dugu».
Presidente izendatutakoan bosgarren edukiontzia ezartzea bultzatuko du Itxasok. «Ahalik eta azkarren» hasi nahi ditu, baita ere, San Markoko zabortegia zigilatu eta ixteko lanak. Horrekin batera, salatu du Bilduk soldata bat ezarri ziela San Markoko kargudunei, eta hori kentzeko asmoa duela azaldu du. Bertan behera utzi nahi ditu, halaber, aurreko agintaldian Oiartzungo, Hernaniko eta Usurbilgo udalek Garbitania enpresarekin sinatutako akordioak.
Itxaso presidente izendatzeko ezohiko batzar bat iragarri beharko dute. «Horretarako era guztietako trabak jartzen ari dira», salatu du Corcuerak. Itxasok, bestalde, gogorarazi du PSE-EEk izango duela lehendakaritza Txingudiko, San Markoko eta Debabarreneko mankomunitateetan. «Oso esanguratsua da hori, Gipuzkoako herritarren %50etik gora baitaude ordezkatuta». Halaber, galdera egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. «Behin eta berriz errepikatu du mankomunitateek esandakoa egingo duela. Zer egingo du orain, mankomunitateek aurreko plangintzaren aldeko mezu argia bidaltzen diogunean?».
Aldundiaren erantzuna
Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek esan du aldundiak bitartekari izan nahi duela hondakinen kudeaketaren inguruan batzar nagusietan ordezkatuta dauden bi gehiengoen artean. Mankomunitateetan dauden gehiengoak errespetatuko dituztela berretsi du Ugartek. Aldundiak, dena den, hondakinen kudeaketaren inguruan duen plangintzarekin jarraituko du.
Iragan astean izan ziren aldundiko ordezkariak Bruselan, plana aurkezten. Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak berretsi zuen Europak egoki ikusten duela plana. EAJk gezurretan aritzea egotzi dio Bilduri. «Ezinezkoa da Europak aldundiaren plana babestea, ez baitu betetzen Europako zuzentaraua», esan du Xabier Ezeizabarrena batzarkideak. Herritarren gehiengoa ez errespetatzea egotzi dio aldundiari: «Gehiengoak nahi duen zaborren kudeaketaz informatu behar du».
Denis Itxasok esan du atez atekoaren aurkako «eustorma» izango dela
San Marko mankomunitateko presidente berria izango da Itxaso, PSE-EEk eta EAJk adostu dutenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu