Eragile ezberdinen arteko elkarlanean sinesten du Peio Dufauk (Donibane Lohizune, 1979), eta horretan dabil buru-belarri. Helburua argi dauka: «Ideia da erakutsaraztea Parisi ez direla abertzaleak edota biktimak bakarrik mugitzen bake prozesuaren alde, baina bai gizarte osoa».
2010ean abiatu zenuten eragileen arteko elkarlan hori. Orain arte egindakoa nola joan da?
Aldaketak sortu ditugu gure baitan. Hau da, euroaginduaren aurka sortu genuen mugimendua, eta, ondotik, bake prozesuaren alde aritzea erabaki dugu. Konponbidearen alde ariko den mugimendua lantzen ari gara, eta aski laster sortuko dugu.
Talde aniztuna eta zabala osatzen duzue. Nola doa elkarlana? Aniztasun horrek trabak sortzen ote ditu?
Trabarik ez du sortzen. Eztabaida batzuetan hitzei ez diegu denek definizio bera ematen... hori da gauza bakarra. Bestela, denok helburu bera ukanik, izugarri ongi pasatzen da gure artekoa. Bake prozesua eraiki nahi dugu Euskal Herrian, eta, batez ere, Ipar Euskal Herrian. Anitzek diote hemen ez dela deus konpontzekorik, baina hori ez da egia. Horri begira denak ados gara, eta konponketaren aldeko mugimendua sortzen ari gara, denok elkarrekin. Ikuspuntu ezberdinak izaki, eztabaida oso interesgarriak baditugu, eta elkarren artean gauza on bat eraikitzen ari gara, naski.
Konponketa lortzeko bidean, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela diozue. Mugimendu hori izanen da herritarren bilgunea?
Bai. Mugimendu horretan, beharbada, ez da elkarte edota sindikaturik izanen ere; beharbada, toki anitzetako militanteek dute osatuko. Helburua militanteek osatu mugimendua loditzea eta azkartzea da, konponketaren aldeko indar handi bat eragiteko.
Pertsona mugimendu bat litzateke, beraz.
Bai, momentuz horretan gara, eta pentsatzen dut urratsak alde horretara egingo ditugula.
Gutun bat igorri diozue François Hollanderi. Paris begi bistan ukanen duen mugimendu lokal bat izanen da.
Hori da. Ideia da erakutsaraztea Parisi ez direla bakarrik abertzaleak edota biktimak mugitzen bake prozesuaren alde, baina bai gizarte osoa. Anitzek sufritu dute, eta hori gelditu behar da. Demokraziak eragin behar du, eta, horretarako, alde batetik, politikan eztabaida sortu behar da abertzaleen eta Frantziako Estatuaren artean eta, bestetik, gizarte zibilak mugimendua bere eskuetan hartu behar du.
Peio Dufau. CGT sindikatuko kidea
«Denok helburu bera izaki, arras ongi doa elkarlana»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu