Jai guneak

Denok ospatzera

Katea osatu ostean, milaka lagun jai guneetara joan dira: Durangora, Bergarara, Lazkaora, Etxarri Aranatzera eta Iruñera.

Bergaran, festa hastear. ION TELLERIA, @IONTELLERIA
2014ko ekainaren 8a
17:13
Entzun

Jendetza dago han eta hemen. Katea amaitu, autobusa edo autoa hartu eta abiatu da jai guneetara. Leku batzuetara iristeko, nahikoa lan izan dute herritarrek, iladan egon dira luze, milaka lagun baitago jai bakoitzean, eguerdian Durangotik Iruñera lotutako kateak sortutako poza aurpegietan.

Bertsolariek 13:30ean eman diote hasiera bost guneetako jaiari, eta ekitaldi nagusia 14:00etan izan da; gero, herri bazkarietan elkartu da jendetza. Bazkalostean, berriz, kontzertuak eta beste hainbat emanaldi izango dira leku guztietan: Durangon, Gozategi, Ze Esatek, eta Oxabi; Bergaran, Gose, Esne Beltza eta Emonen kontzertua; Lazkaon, Guri5! taldearen erromeria; Etxarri Aranatzen, Vendetta, Xaiko eta Tximeleta; eta Iruñean, berriz, Trikitilari, txarangak eta beste hainbat talderen emanaldiak.

Umeek ere txoko berezia dute jai gune guztietan, pailazoen emanaldi eta puzgarriak.

Bero izugarria dago. giroa bezain bero, eta arratsaldeak luze joko du ospakizunetan.

BERRIAk giza kateari buruzko edizio berezia atera du gaur arratsaldean, eta jai gune guztietan banatu du, baita Donostian eta BIlbon ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.