Euskal Preso Politikoen Kolektiboak asteburu honetan kaleratu duen agiriari babesa agertu zion atzo Iruñean Etxerat elkarteak. Erabat beharrezkotzat jo du «salbuespen neurririk bortitzenak» pairatzen dituzten presoak aske uztea: hala nola zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteagatik espetxean jarraitzen dutenak, Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrina —Parot doktrina delakoa— ezarrita bizi guztiko zigorra dutenak eta gaixotasun larriak dituzten presoak. «Hori guztia amaitu behar dugu», aldarrikatu eta «azken preso eta iheslaria etxeratu arte» lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du: «Guztion ardura baita guztiok garaile izango garen etorkizun integratzailea eraikitzea».
Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, Rakel Iriarte Etxerat-eko eledunak kazetariei azpimarratu zien ETAk borroka armatua uzteko erabakiaren ondotik pausorik ez dutela eman ez Frantziako ez Espainiako estatuek, eta bereziki nabarmendu nahi izan zuen salbuespen egoeran diren presoen egoerak ezin duela «minutu bat ere gehiago» iraun: «Espetxean mantentzen dituzten arrazoiek zerikusi gutxi dute zuzenbidearekin, eta mendeku gosea dute oinarri».
Adibide gisa, Txus Martinen egoerak «bereziki kezkatuta» dituela aipatu du Iriartek. Gaixotasun larria du Martinek, eta Basauriko espetxera eraman badute ere, berehala aske uzteko eskatu du Etxerat-ek. Era berean, salatu du espetxea «gaixotasun eta infekzio iturri» dela eta presoen lautik batek osasun arazoak dituela.
Bost preso, bozkatu gabe
Gainera, Etxerat-ek jakinarazi du Soto del Real espetxeko hiru euskal presok, Langraizko batek eta Sevillako beste batek ezin izan dutela posta bidez botorik eman. Akats bat medio, gutunak espetxera itzuli ziren, eta «espetxeko nagusiek jarritako oztopoen» ondorioz, botoa emateko epez kanpo geratu ziren bost presoak.
«Denon ardura da guztiok garaile garen etorkizuna eraikitzea»
Etxerat-ek EPPKren eskariarekin bat egin du, eta salbuespen egoeran diren presoak aske uzteko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu