Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea, Maddalen Iriarte Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkate ohia eta Amaia Almirall Donostiako Udaleko bozeramailea goizeko hamarretan bildu dira Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkartearekin, turismo ereduak dakartzan arazoez hitz egin eta eredu egokiago bat bilatzen saiatzeko. Otegik atzo bere Twitter kontuan iragarri zuenez, hemendik egun gutxira Donostiako Parte Zaharreko auzo elkarteko kideekin ere bilduko dira.
Otegik azaldu duenez, bilera "giro onean" egin dute, "normaltasunaren seinale". Ostalaritza Elkarteko ordezkariei eskatu die "lan baldintza duinak" bermatzeko, eta salatu du "sorgin ehiza" dagoela ezker abertzalearen aurka: "Turismoari kalte egiten diona da protestak puztea".
Mikel Ubarretxena elkarteko presidenteak, berriz, azaldu du "desadostasun baino adostasun gehiago" izan dutela eta konpromisoa hartu dutela elkarrekin maizago biltzeko.
Azken asteotan, luze hitz egin da Euskal Herrian dagoen turismo ereduak sortzen dituen arazoez, eta ezker abertzaleak mahai gainean jarri ditu hainbat lekutan dauden "masifikazio" arazoak eta turismoaren zerbitzura lan egiten dutenen lan baldintza kaskarrak. Abuztuaren 17an manifestazioa egingo dute Donostian, Ernaik deituta, turismo eredua salatzeko.
Eztabaidaren inguruan, Eneko Goia Donostiako alkateak Radio Euskadin esan du "ona" dela eztabaidatzea, baina hori "patxadaz eta datuekin" egin behar dela, "errealitatea zein den jakiteko". Hain justu, salatu du turismoari buruzko eztabaidan "zarata" dela nagusi eta "asmo politiko nabarmena" dagoela.