Politika

Desagertu zenetik 25 urtera Frantziak bertan behera utzi du Popo Larreren aurkako auzia

Haren kontrako bilatze eta atxilotze agindua eten du. IK Iparretarrak-eko militantea 1983ko abuztuaren 7an desagertu zen, Landetan (Frantzia) jendarmeekin tiroketa bat izan ondoren. Familiaren arabera, Poliziak desagerrarazi zuen. Heletako gaztearekin zer gertatu zen ez da oraindik argitu.

2008ko abenduaren 8a
17:35
Entzun
Jendarme baten hilketan laguntzaile izatea eta beste bat hiltzen saiatzea leporatzen zion gaur arte Frantziako Justiziak Jea Louis Popo Larre IK-ko militante desagertuari. Horrenbestez, bilatze eta atxilotze agindupean zegoen.Gaur, Larre hilda dagoela pentsatzeko behar adina zantzu badela iritzita,auzia bertan behera uztea erabaki du Parisko Auzitegi Bereziak, eta, halaber, baliogabe utzi du bilatzeko agindua.

1983ko abuztuaren 7tik dago desagertuta Larre, hau da, IK-ko zenbait militantek eta jendarmeek Landetako Leongo kanpin baten inguruan tiroketa izan zutenetik. Tiroketa hartan polizia bat hil zen eta beste bat arin zauritu. IK-ko hiru militantek alde egite lortu zuten, eta Larre, ordea, desagertuta dago ordutik. Familiak eta hurbilekoek argi dute Poliziak desagerrarazi zuela, eta Frantziako Justiziak harekin zer gertatu zen argitzeko inolako borondaterik ez duela agertu salatu dute sarri.

Tiroketa gertatu eta 17 urtera egin zen tiroketaren inguruko auzia, eta hasieratik Popo Larre bazen akusatu nagusia, epaiketa garaian auzitik kanpo utzi zuten. Aldiz, Filipe Bidart 20 urtera, Gabi Mouesca 15era eta Ttotte Etxebeste 4ra zigortu zituzten -egun aske daude guztiak-.

2003an berriro abiatu zuten Larreren aurkako epaiketa, baina familiak hilda dagoela argudiatu zuen. Bi urteko epea eman zien auzitegiak hilda dagoela frogatzeko, eta 2004an Baionako auzitegiak Larre desagertuta dagoela ebatzi zuen. Horretan oinarrituta utzi du gaur Parisko Auzitegi Bereziak bertan behera Larreren aurkako auzia,baina Heletako (Nafarroa Beherea) gaztearekin gertatu zenak argitu gabe jarrraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.