KONPONBIDEARI BEGIRA

Desarme zurrumurruen inguruan "zuhur" jokatzeko eskatu du Lokarrik

Nazioarteko Egiaztatze Batzordea ostiralean da Euskal Herrira etortzekoa, eta, hainbat hedabideren arabera, ETAren desarmatzearen keinu baten berri eman lezake. Etzidamu 14:00etan agerraldi bat egingo du batzordeak.

2014ko otsailaren 18a
12:38
Entzun

Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak asteon Euskal Herrira egingo duen bisita dela eta, azken orduetan ugaritzen ari dira ETAren balizko desarme baten inguruko zurrumurruak. Horien arabera, batzordeak iragar lezake ETAren keinuren bat armak emateko bidean.

Lokarrik, ordea, bisita horren inguruan zuhurtziaz jokatzeko eskatu du. "Zurrumurruak direla eta, gomendatzen dut zuhurrak izatea eta egiaztatzaileek diotenaren zain egotea", idatzi du Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak Twitter sare sozialean.

2011ko irailean sortu zen Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, ETAk jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri baino egun batzuk lehenago, hain zuzen erakunde armatuaren su-etena egiaztatzeko. Chris Maccabe, Satish Nambiar, Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils, Ray Kendall eta Fleur Ravensbergenek osatzen dute batzordea.

Fernandez Diaz: "Antzerkien garaia pasatu da"

Zurrumurru horien inguruan jardun du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ere. Esan du "antzerkien garaia" igaro dela eta Madrilek espero duena "errealitatea" dela: "Espainiako Gobernuak adierazpen bakarra espero du: desegitea. Ez diegu publizitaterik emango antzerki keinuei".

Nazioarteko egiaztatzailerik behar ez dela ere esan du Fernandez Diazek, iritzita Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak badituela "nahikoa adituak diren egiaztatzaileak jakiteko arma ematea egiazkoa edo itxurazkoa den".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.