Berriak hamar urte

Deserria definitzeko proposamena

Erbestea hautatu du Eñaut Elorrietak 'Deserriko kantak' diskoko ardatz gisa. Bere bakarkako lehen lana da, eta ostiralean Lizarran BERRIAren alde eskainiko duen kontzertuarekin abiatuko du aurkezpen bira.

Inigo Astiz
2013ko maiatzaren 16a
18:48
Entzun

Bakarka aritzeaz gainera, une batzuetan bakarrik ere sentitu dela dio Elorrietak. Bere mugetara heldu dela zenbaitetan, eta estu egon dela une batzuetan. Nolabait ere, erbeste moduko bat bizi izan duela berak ere. Dioenez, gordina da erbestearen gaia, eta gogorra izan da sorkuntza prozesua. Baina baita ederra ere. “Emaitza bezain garrantzitsua izan da prozesua kasu honetan. Eta orain oso pozik nago egindakoarekin. Lehen baino indartsuagoa naiz”.

Bihar abiatuko ditu aurkezpen emanaldiak. “Hamarnaka kontatzekoak gara” kanpainarekin bat egitea erabaki du Elorrietak, eta BERRIAren alde eskainiko du birako lehen emanaldia etzi. Lizarran (Nafarroa), Golem aretoan emango du kontzertua, eta hori izango da Elorrietaren bakarkako lana zuzenean entzuteko lehen aukera. “Oso gustura egingo dut bat kanpainarekin”, azaldu du musikariak. Ez da hori izango, ordea, egunkariaren alde eskainiko duen saio bakarra, ekainaren 13an ere BERRIAren alde arituko baita Hendaian (Lapurdi).

Beste hamar emanaldi ere baditu itxita hemendik eta urtea bukatu arte, eta bihar jarriko dute ikusgai Geografia kantarekin Lander Garrok sortu duen bideoklipa.

Hamar kanta

Hamar kanta bildu ditu guztira Deserriko kantak diskoan, eta guztiek gai bakarra lantzen duten arren, ikuspuntu ezberdinak batu dituela dio musikariak. Joseba Sarrionandia, Mario Benedetti, Gabriel Aresti, Lander Garro, Harkaitz Cano, Joan Oliver eta berak idatzitako hitzak baliatu ditu horretarako.

Hitz horiek izan omen ditu abiapuntu, eta baita helmuga ere. “Musika izan da hitzaren menpe jarri dudan zerbait. Ez neukan inongo mugarik, eta letretan sartu naiz erabat”. Hemendik aurrera bakarkako ibilbidean jarraitzeko asmoa duela azaldu du, eta hau lehen harria baino ez dela izan. Taldea ez duela utziko, baina bakarkako bide hori ere landu nahi duela. “Jende askok aipatu dit gauza bera. Ken 7rekin ongi doakidala, eta ea zergatik egin dudan orain bat-batean disko bat kontzeptuala, literarioa, eta kanta luzeak dituena [barre egiten du]. Baina oso zintzoa izan da nire apustua eta diskoa bere ere zintzoa izan da. Gaira eta kantuetara abandonatu dut nire burua”. Bere orain arteko lanik intimoena dela gaineratu du.

Hitzez gainera, melodia klasikoak dira kantuen oinarria, baina “gaur-gaurko” soinua eman diete abestiei konponketa eta masterizazioari esker. Elorrietak azaldu duenez, Ruben Caballero gitarra jotzailea eta Txus Aranburu piano jotzailea izan ditu lagun horretan. «Oso gaur egungo ukitua eman diote diskoari», azaldu du. Igor Telletxea bateria jotzailea ere izan du ondoan diskoa sortzerako orduan, eta kolaborazio sorta zabala ere bai estudioan: Hasier Oleaga perkusio jotzailea, Arkaitz Miner biolin eta mandolina jotzailea, Xabier Zeberio biolin, biola eta Nyckelharpa jotzailea, eta Juan Felix Elorrietak ere bere ahotsa jarri dio Itzulera II abestiari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.