Klima larrialdia

Deskarbonizazioa bultzatzeko akordioa lortu dute EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk

Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Legea onartzeko beharra azpimarratu dute. Karbono neutraltasunera heltzeko bide orria osatuko duen lantalde bat eratuko da.

Tulako (Mexiko) zentral termoelektrikoa, karbono beltzaren emisio handiak egiten dituena. CARLOS RAMIREZ / EFE
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 23a
13:09
Entzun

Eusko Jaurlaritza osatzen dute alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, akordio bat sinatu dute EH Bildurekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deskarbonizazioaren bidean pausoak ematen jarraitzeko. Hala, bihar Eusko Legebiltzarrean egingo den osoko bilkuran, taldeek Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Legea «ahal bezain azkar» onartzeko beharra azpimarratuko dute.

Lege horrek izango duen orientazioa ere adostu dute alderdiek, eta, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez, «autokontsumoaren indartzean, energia berriztagarrien hedapenean eta inor atzean utziko ez duen trantsizio energetiko justuan» oinarrituko da.

Halaber, deskarbonizazioaren bide orri bat osatuko duen adituen lantalde bat sortzea ere akordatu dute, joan den legegintzaldian hasitako lanari jarraipena emango diona. Talde horrek Energiaren Euskal Ituna idazteko xedea zuen, baina legealdiaren amaierarekin bere ibilbidea eten egin zela gogoratu du Oterok.

Gainera, Jasangarritasun Batzordeari deskarbonizazioari buruzko lantalde txostengile bat osa dezala eskatuko diote alderdiek, arlo horretan gizarteko eragileek ere euren ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Zentzu horretan, klima larrialdiari aurre egiteko, «herri honetako inteligentzia kolektibo osoa» martxan jartzeko beharra nabarmendu du Oterok.

«Gure garaiko erronka»

Klima aldaketaren kalteak murrizteko, trantsizio energetikoan «abiadura» hartu behar dela ohartarazi du Oterok, eta horretarako adostasun zabalak sortzeko beharra azpimarratu du: «Larrialdi klimatikoa gure garaiko erronka izango da, eta guztiok behar dugu konpromiso politiko bat deskarbonizazio eraginkor bat egiteko; karbono neutraltasuneko ekonomia batetara joateko».

Horregatik, EH Bilduko legebiltzarkideak sinaturiko akordioaren garrantzia azpimarratu du: «20-30 urtetarako plangintza baten aurrean gaude, eta honek legealdiak gainditzen ditu».

EAJko Unai Grajalesek ere «akordio politiko, instituzional eta sozialaren» beharra aipatu du, gaur trantsizio energetikoa sustatzeko adostasuna «sendotu» egin dela gehitzeko: «Erronka handiak dira, gauetik goizera lortzen ez direnak. Ilusiozko erronkak eta helburuak, guztiak norabide berean bagoaz. Trantsizio energetikoa adostasunetik egin behar dugu».

2050eko epemuga

Europako Batasunak deskarbonizaziorako etorkizuneko helburuak finkatu zituen apirilean, eta, horien arabera, 2030erako berotegi gasen isurketak %55ean murriztu beharko dituzte herrialdeek, eta 2050erako karbono neutraltasuna lortu.

Epemuga hauei erreferentzia eginez, Oterok gogoratu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak ez direla onak, eta Jaurlaritzaren plan estrategikoak berritzeko beharra azpimarratu du, «Parisko akordioaren aurretikoak direlako».

Grajalesek, bere partetik, adierazi du Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Lege berria «urrats bat» izango dela Jaurlaritzak arlo horretan orain arte eginiko bidean, eta garapen iraunkorrarekiko, ingurumenaren zaintzarekiko, mugikortasun adimendunarekiko eta klima aldaketaren aurkako estrategiarekiko «aitzindariak» izateko borondatea agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.