Eusko Jaurlaritzak bi hegoafrikarri emango die gaur arratsaldean aurtengo Giza Eskubideen Rene Cassin saria: Desmond Tutu Bakearen Nobel sariari (1984) eta Roelf Meyer Hegoafrikako Defentsa eta Auzi Konstituzionalen ministro izandakoari. Jaurlaritzako Justizia Sailak ematen ditu sariok eta, honen arabera, bi haiek "justizia proiektu eta bizikidetzaren oinarri bezala sinbolizatzen dute bakea".
Gasteizen izango da sari banaketa, Lehendakaritzan. Gaur egun Tutuk eta Meyerrek bakeari eta gatazka politikoen konponbideei buruzko guneetan parte hartzen dute. Hain zuzen, Giza Eskubideen Adierazpenaren eguna da gaurkoa.
Tutuk berak azaroaren 27an Hegoafrikan Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariari agindu zion Euskal Herriko egoeraren berri emango zuela lehengo astean Parisen pertsona ezagun batzuekin izandako bileran. Hain justu, besteak beste, Nelson Mandela Hegoafrikako presidente izandakoak, Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohiak eta Jimmy Carter Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia ziren batzar horretan parte hartzekoak.
Ibarretxek azaroaren bukaeran esan zuen Euskal Herriko egoerak "nazioarteko agendan" egon beharra duela, "nazioartearen laguntza oso garranzitsua delako gatazka konpontzean". Irlanda, Zipre eta Georgiako kasuak aipatu ditu. "Hegoafrikan ere lortu zituzten bakea eta bizikidetza. Zergatik ez Euskadin?".
Politika
Desmond Tuturi eta Roelf Meyerri emango die gaur Jaurlaritzak Rene Cassin saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu