"Ertzaintza une egokienaren zain dago" herri harresia gainditu eta Urtza Alkorta atxilotzeko, Estefania Beltran de Herediak argitu duenez. Egunak izango duen unerik jendetsuena aukeratu dute ertzainek Ondarroako erdigunera iristeko, eta plaza inguratu dute. Alkorta atxilo ez dezaten eskatzeko 13:00etako manifestazio jendetsua egin dute, eta gainera, Antxoaren Eguna ospatzen dute gaur Ondarroan, jendeak barra-barra parte hartzen duen festa. Orduek aurrera egin dute, ordea, eta ez dute hura atxilotzeko agindurik jaso, oraindik. Bien bitartean, ekitaldiekin jarraitzen dute babes ematera joan diren herritarrek.
Urtza Alkortak badaki "laster" joango zaizkiela bila, eta hori gertatu aurretik "eskerrak eman" nahi izan dizkie herritarrei. "Manifestazioan bildu garen jende guztiaren argazkiarekin geratu naiz", azaldu du manifestazioa amaitzerakoan. Atxilotzen duten arte —Segurtasun sailburuaren arabera, "Poliziak bere zeregina" betetzen duen arte—, jendeak babestuta izango du Alkorta.
Ehunka lagunek inguratuta igaro zuen atzo eguna Urtza Alkortak, Ertzaintzaren atxiloketa eragozteko. Ekimen ugari izan ziren; egunak eman zuenaren irudiak eman zituzten, eta film laburren lehiaketa ere egin zuten, musika eta hitzaldiekin batera. 70 bat lagun geratu ziren lotan helburu berarekin, haren ondoan, «erresistentzia baketsua» aldarrikatzen. Gaur ere ekintzez jositako eguna izango da, eta egunak aurrera egin ahala jende gehiago eta gehiago gerturatu da Alamedara, desobedientziaz erantzuteko deiari erantzuteko asmoz.
[YouTube]http://www.youtube.com/watch?v=mmD0nuIFC7Y[/YouTube]