Politika

Desobedientzia zibilaren aldeko aldarria egin dute gaur Iruñerria Piztera Goaz ekimeneko kideek

'Nik ere egin nuen' izeneko kanpainarekin iazko maiatzeko eserialdi batengatik 12 lagunentzako eskatzen diren kartzela zigorrak salatuko dituzte hilabete osoan zehar.

2009ko martxoaren 11
19:21
Entzun
Desobedientzia zibilaren aldeko aldarria egin dute gaur Iruñerria Piztera Goaz ekimeneko kideek Iruñean, Gaztelu Plazan.

Martxoaren 26an ekimeneko hamabi lagunen kontra egingo den epaiketaren harira antolatu duten kanpaina aurkeztu du Iruñerria Piztera Goaz taldeak. Nik ere egin nuen izena jarri dioten kanpaina hilabete osoan egingo dute. 2007ko maiatzean Iruñerria Piztera Goaz ekimenaren barrenean eginiko eserialdi batengatik 12 kideri bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen zaizkiela salatuko dute kanpainan, eta aldi berean desobedientzia zibilaren zilegitasuna defendatuko dute.

Auzipetuekin batera horiei babesa eskaini eta argitaratutako manifestuari atxikimendua erakutsi dieten taldeetako ordezkariak izan dira gaurko prentsaurrekoan. Halaber, historikoki desobedientziaren bidetik borroka egin duten hainbat mugimendutako parte-hartzaileak gonbidatu dituzte: Aranguren bailarako (Nafarroa) bizilagun Jesus Ekizak 1980ko hamarkadan bertan Gongorako zabortegiaren kontra sortutako mugimenduaren berri eman du; "guzientzako eskubideak lortzeko egin diren borrokak goraipatu bitartean hortan dabiltzanen kontra egitea hipokresia" dela salatu du intsumisioaren mugimenduko kide Lander Aurrekoetxeak; Itoitzekiko Solidarioetako kide Mabel Cañadak beraiek egindako hamaika eserialdi ekarri ditu gogora —horregatik inoiz ez dituztela zigortu zehaztuta—, eta kalea baimenik eskatu gabe erabiltzeko zilegitasuna aldarrikatu du.

Era berean, Martxoaren 8ko Batzordeko ordezkari batek iaz Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzeko kalera atera ahal izateko debekua gogorarazi du, horri aurre egiteko desobedientzia erabili zutela jakinarazita. Horrez gain, gaur egun borrokan diharduten Iruñerriko Koxka enpresatik kaleratutako langileetako batek, Santiago Diezmak, erresistentziaren garrantzia nabarmendu du. Guziek ere beren babesa erakutsi diete Iruñerria Piztera Goazeko kideei, eta eserialdia “guzion esku dagoen erresistentzia pasiborako tresna” gisa defendatu dute.

Kanpainari indarra emateko desobedientziaren eta erresistentziaren arloetan nabarmendutako hainbat pertsonaia ospetsu ekarri dituzte gogora: Rosa Parks (eskubide zibilen aldeko afroamerikarra, zurientzako autobus batean esertzeagatik 1960ko hamarkadan espetxeratua), Ta-Tanka I-Yotank edo Zezen Eseria (Lakota herriaren burua, XIX. mendean zehar AEBetako Gobernuari aurre egin ziona), Mahatma Gandhi (Indiaren independentzia prozesua desobedientzia zibila eta ekintza ez-bortitzen bidez defendatu zuena), Lucy Burns (sufragista estatubatuarra, emakumeen boto eskubidearen aldeko borrokan parte hartzeagatik espetxeratua) edo John Lennon (Vietnamgo gerraren aurka ohean gose greba burutu zuena, eta britainiarrek Irlanda iparraldea okupatzearen aurka agertu zena) dira. "Pertsona ezberdinak eta historiako une ezberdinetan gaur egun gizarteak bereak dituen giza eskubideak lortzeko desobedientziara jo zutenak. Azken batean, desobedientziarik gabe ez dagoela askatasunik uste dugu", adierazi dute ekimeneko kideek.

Eserialdi baketsua kartzelarekin zigortzeko asmoa

Epaituko duten ekintza Iruñeko Amaia eta Labrit karriken artean 2007ko maiatzean egin zen eserialdia da. Bertan 50 bat lagunek parte hartu zuten, baina hilabete batzuk geroago horietako bederatziri auzipetuak zirela jakinarazi zitzaien, eta fiskalak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zien.

Eserialdia egin zuten aldi berean beste bi lagun hormigoizko bidoi batera kateatu ziren, eta hantxe atxilotu zituzten, ekintzari atxikimendua erakutsi zion beste lagun batekin batera. Guzientzako zigor bera eskatzen du fiskalak.

Gaurko agerraldian nabarmendu dutenez, trafikoa 20 minutuz eten zuten, "baina errepidearen mozketa derrigorrezkoak diren neurriak hartuz" egin zuten: "Larrialdietarako hirukiak erabili zituzten eta disdiradun jakak jantzi zituzten errepidean ibiltzeko".

Protesta ekimenak datozen egunetan

Auzipetutako hamabi lagun horiek kartzelaratuak izateko arriskua dagoela nabarmendu dute ekimeneko kideek, "eserialdia ekintza publikoa eta politikoa, bortizkeriarik gabekoa, izan zen arren". Egoera hau salatuko du Nik ere egin nuen kanpainak:

Martxoaren 14ean: Iruñeko Gaztelu Plazatik manifestazioa egingo dute, 19.00etan hasita.

Martxoaren 21ean: Aulki-Dantza, dantza herrikoia, Gaztelu Plazan 18.30etik aitzina.

Martxoaren 26an: 9.00etan kontzentrazioa Iruñeko Auzitegiaren aitzinean, epaiketa dela-eta.

Informazio gehiagorako bi webgune jarri dituzte martxan: www.nikereeginnuen.com eta www.yotambienlohice.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.