AHT abiadura handiko trenaren aurkako ekintza batean, hiru tartakada jaso zituen Nafarroako presidente Yolanda Barcinak 2011ko urriaren 27an, Okzitaniako Tolosan. Ekintza horren lehendabiziko urteurrena betetzekoa dela, desobedientziara deitu du Mugitu mugimenduak. Taldeko lau kide auzipetuta daude tartakaden harira, eta haietako hiru, Ibon Garcia, Julio Villanueva eta Gorka Ovejero, jendaurrean agertu ziren atzo, Iruñean, AHTaren aurka duten jarrera berresteko eta elkartasun kanpaina batabian jartzeko. Gainera, iragarri dute azaroan astebeteko baraualdiak eginen dituztela Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
AHTaren aurkako mezua «mundu osora» zabaltzea da asmoa. Horretarako, txostena osatu dute, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Tartakadengatik auzipetutakoen kontrako prozesuaren berri jasotzen du testuak, eta nazioartean gisa horretako ekintzak egin dituztenei egiten die so, gainera. «Munduan bakarra da gure kasua, inon ez baitu halako ekintza batek eraginguri eskatzen diguten zigorraren tamainako neurririk», salatu du Ovejerok.
Izan ere, Barcinari tartakada emateagatik, lau eta bederatzi urte bitarteko zigorra jaso dezakete auzipetuek. Ovejerok jaso dezake zigorrik handiena, zinegotzia delako. Espainiako Auzitegi Nazionalean dago auzia. Instrukzio fasea amaituta, epaiketaren eguna zehazteko zain dira Mugituko kideak. «Datorren urtean izan daiteke, edo, akaso, hurrengoan. Ez dakigu. AHTa zentzugabekeria galanta da, eta auzipetuok ez dugu nahi haren ordain aker izan», erran du Villanuevak.
Murrizketak aurrekontuetan
«AHTaren bultzatzaileek dilema ederra dute esku artean; lanen %80tik gora egin gabe daude oraindik, eta badakite egungo egoera ekonomikoaren ondorioz obra amaitu gabe gelditzen ahal dela». Horixe nabarmendu dute Mugituko kideek, eta gogorarazi dute 2006an obrak Araban hasi zirenetik hamalau kilometro baino ez dituztela bukatu. «Espainiako Gobernuak murrizketa handiak iragarri ditu datorren urterako, eta horrek argi erakusten du Euskal Y-a eta Nafarroako korridorea lotzeko proiektua ez dela lehentasunezkoa», erran du Ovejerok.
Mugitu mugimenduko kideak gogora ekarri du Espainiako Gobernuak %40 murriztu duelaAHTaren obrentzako 2013ko aurrekontua, eta Nafarroan bost milioi euro baino ez dela izanen datorren urterako inbertsioa. Zaragoza (Espainia) eta Castejon (Nafarroa) arteko zatiko obrentzat, berriz, 2013ko aurrekontua 230.000 euro baino ez dela erantsi du Villanuevak.
«Administrazioak ezin du jarraitu dirua xahutzen eta ingurumena hondatzen», erran du Villanuevak, eta AHTaren lanak bertan behera uzteko eskatu du. Herritarrak deitu ditu proiektuaren aurka agertzera, gainera, eta desobedientziaren alde egitera. Azaroaren 10etik aurrera, hain zuzen ere, baraualdia eginen du Mugitu mugimenduak, hiru astez, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.
Desobedientziara deitu du Mugituk, tartakaden lehen urteurrenean
Yolanda Barcinari hiru tarta botatzeagatik auzipetutako lau kideek elkartasun kanpaina bat jarri dute abian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu