Auzokideek Bilboko Kontseilu Sozialistari jakinarazi diotenez, gaur goizeko 9:30ak aldera Desokupa enpresa parapolizialak lokal bat hustuarazi du Bilboko Basurtu auzoan, Udaltzaingoaren laguntzarekin. Ezaguna da Desokupa. Hainbat elkartek salatu izan dutenez, okupatutako etxeak «bortxaz eta modu oldarkorrean» husten dituen eskuin muturreko talde bat da.
Gertatutakoa salatzeko, kontzentraziora deitu du Basurtuko Gazte Asanbladak gaurko: 20:00etan egingo dute, Aita Donosti Plazan.
🔴 ADI!🔴
— Kontseilu Sozialista Bilbo (@Kontseilua_Bilb) May 10, 2021
Auzokideek jakinarazi dute, goizeko 09:30ak aldera Desokupa enpresak lokal bat desalojatu duela Bilboko Basurtu auzoan, polizia munizipalaren laguntzarekin.
Desokupa kanpora!
Faxismoaren aurrean antolakuntza komunista! pic.twitter.com/mQRQHV3bRA
Desokupak joan den astean jakinarazi zuen asteazken honetan Bilbon izango dela, baina ez dago argi gaur egindako ekintzari buruz ari ziren ala ez. Bitartean, eragile batzuk hasi dira asteazkeneko etxegabetzea eragozteko antolatzen, besteak beste, 7katu gaztetxea eta Bihotzean Bilboko zazpi kaleetako auzo elkartea.
Jakinarazi dute ez dakitela zein den hustu nahi duten etxea, eta email bat zabaldu dute haren inguruko informazioa biltzeko: [email protected]. Gainera, bihar, asteartea, manifestazioa egingo dute, 20:00etan, Etxebarrietan, eta asteazken goizean, berriz, «gosari antifa», 7:30etan hasi eta 11:30ak arte.
Gaur bertan, sare sozialetan, Daniel Esteve Desokupako buruak berretsi du Bilbon etzi izango direla. Ez hori bakarrik: iragarri du bi aste barru euren Desokupa TV telesailaren kartel erraldoi bat Bilboko erdigunean jarriko dutela.
🚨 ALERTA ANTIFAXISTA🚨
— Bihotzean (@B7KAuzoElkartea) May 10, 2021
Auzoko etxebizitza bat desalojatzera datoz Madrileko faxistak asteazkenean. Etxebizitzaren eskubidea ukatu nahi diguten faxistei, auzo antolatu bat aurrean edukiko dutela erakutsiko diegu. pic.twitter.com/RNn7Krh2gy
Aurretik, Abadiñon
Desokupa joan den apirilaren 15ean ere izan zen Euskal Herrian, zehazki, Abadiñon (Bizkaia). Zelaieta auzoko Alfredo Baeschlin kalean dagoen etxe bat hustera joan ziren. Ordukoan, etxe barruan zeudenak atera egin ziren enpresako kideek emandako agiri bat sinatu ostean, Ertzaintzaren iturriek Anboto atariari adierazi ziotenez. Lekukoek, ordea, salatu zuten «mehatxu» artean sinarazi zietela agiri hori.
Azaldu zutenez, Desokupako «zortzi-hamar» kide joan ziren eraikina husteko asmoz, eta haien aurrean protesta egitera joan ziren Abadiñoko hogeitik gora herritar. Ertzainak ere joan ziren gero, eta borraz jo zituzten protestan elkartu zirenak.