Deustuan 42 urteko andre bat hil dute labanaz, eta gizon bat atxilotu dute

Hilketa egotzi dioten gizonarekin liskar ugari izan dituzte auzotarrek; Ertzaintzak uste du hori dela hilketaren arrazoia

Bilboko Deustua auzoko Ramon y Cajal kalean gertatu zen erasoa. Ertzainek itxi egin zuten kalea, ikerketa egiteko. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Maite Azkuenaga - Mikel Peruarena
Bilbo
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Gizonezko batek 42 urteko andre bat hil du Deustua auzoan, Bilbon. Kalean gertatu da erasoa, eta bertan hil da andrea. Gizona andreari gerturatu zaio, eta labankada batzuk eman dizkio; Ramon y Cajal kaleko 42. atariaren parean jazo zen hilketa, atzo, 14:30 aldera. Larrialdi zerbitzuak hilketaren lekura gerturatu zirenerako, emakumea hilotz zegoen. Aurten indarkeriarekin lotutako gertakarietan hil den hirugarren emakumea da.

Ertzaintzak adierazi du hilketaren atzean auzotarren arteko ika-mika bat egon daitekeela. Ustezko hiltzailea 37 urteko gizon bat da, hildakoaren bizilaguna. Gizonak lehendabiziko solairuan du etxebizitza, eta hildako andreak, bigarrengoan. Hilketa, berriz, ondoko atarian gertatu da, kalean. Auzotarrek azaldu dute gaztetan gurasoekin eta orain bakarrik bizi dela usteko hiltzailea. Hildakoa, berriz, orain dela gutxi iritsia zen etxe horretara; Errioxakoa zen, Espainiakoa.

Ustezko hiltzaileak bere etxeko auzotarrekin arazoak eta liskarrak behin baino gehiagotan izan dituela azaldu du Ertzaintzak. Bizilagunek 11 salaketa jarriak dituzte ustezko hiltzailearen kontra. Era guztietako salaketak dira tartean: mehatxuak egiteagatik, ateak eta sarrailak hondatzeagatik, irainengatik, erasoengatik, baita senideen kontrako indarkeriagatik ere. Azkeneko salaketa iaz jarri zioten bizilagunek: etxeetako ateen sarrailak silikonaz ixten aritu zela salatu zuten.

Ertzaintzak, gainera, 2005etik hiru alditan atxilotu du gizona, atzoko atxiloketa kontatu gabe. Auzotarrekin zituen liskarrengatik, bost inputazio pilatuak ditu atxilotuak. Bizilagunak, bestalde, sinadurak biltzen ere aritu izan dira ustezko hiltzailearen aurka. Bizi den etxetik bota nahi zuten. Buruko gaixotasun bat duela adierazi dute bizilagunek.

Auzotarrek BERRIAri adierazi diotenez, gizonak istilu eta eztabaida ugari izan ditu bizilagunekin, batez ere atariko emakumeekin. Gizon «iskanbilatsua» dela esan dute. Horren adierazgarri, aipatu dute behin atariko administratzaileari eraso egin ziola. Beste bizilagun baten etxeko ateari aizkorakada bat eman ziola ere salatu dute auzotarrek. Baina erantsi dute bereziki andrazkoak zeuzkala «mehatxatuta eta beldurtuta». Gizonezkoa etxetik kanporatzeko sinadurak batzen aritu izan dira bizilagunak, baina ez dutela ezer lortu azaldu dute.

Hilketa bertatik bertara ikusi zuten herritarrek eman zuten abisua, 112 telefono zenbakira deituta. Aurreko atariko bizilagun batek oihuak entzun zituen, eta leihora irten zen. Orduan, gizon bat ikusi zuen emakumeari labana lepoan sartzen. Lekukoak azaldu du leihotik garrasika hasi zitzaiola hiltzaileari, baina hura ez zela gelditu, eta labankada gehiago eman zizkiola andreari.

Bizilagunen deia jasota, lekura joan ziren osasun zerbitzuak eta poliziak. Larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin andrearengatik; ertzainek, bitartean, ustezko hiltzailearen arrastoa jarraitu zuten, eta etxean atxilotu zuten. Ustez emakumea hiltzeko erabilitako labana ere gizonaren etxean atzeman zutela azaldu du Ertzaintzak.

Ramon y Cajal kalea itxi egin zuten poliziek, hilketari buruzko datuak biltzeko. Andrearen gorpua 17:40 aldera altxatu zuten, baina ertzainek lekuan bertan jarraitu zuten. Etxeko bizilagunek, berriz, kanpoan itxaron behar izan zuten, ez baitzieten etxera sartzen utzi, ikerketa bukatutzat jo zuten arte.

Elkarretaratzea gaur

Emakumeen Mundu Martxarako Plataformak eta Deustuko feministek elkarretaratzea antolatu dute gaurko, emakumearen hilketa gaitzesteko. 19:00etan batuko dira, Deustua auzoko San Pedro plazan. Astelehenean gainerako herrietan protesta gehiago egingo dituztela iragarri du Emakumeen Mundu Martxak.

Hiru emakume badira, aurten, indarkeriaz hil direnak. Martxoaren 25ean Caridad Angeles Rodriguez Arrieta aurkitu zuten hilik, Tolosan (Gipuzkoa), bere etxean. 39 urte zituen. Angelesen bikotekideak aitortu zuen berak hil zuela andrea, labankadaka. Maiatzaren 5ean, berriz, 22 urteko emakume bat hil zen Durangon (Bizkaia). Gabriela Arosemena zuen izena, eta Perukoa zen. Gizon batek etxean atxikirik zeukan, eta leihotik erorita hil zen emakumezkoa. Ertzaintzak ez zuen argitu leihotik nola erori zen emakumea, baina atxikita eduki zuen gizona inputatu zuen, hilketagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.