Hirigintza

Deustuko kanala irekitzeko obretako kontratua eten du Bilboko Udalak

Canal de Deusto aldi baterako enpresa elkarteak obrak bertan behera utzita dituelako hartu du erabakia, Ricardo Barkala Obra zinegotziak azaldu duenez. Orain, egindakoa likidatuko dute, eta datorren urte hasieran esleituko dute falta den obra zatia. 2017 bukaeran itsasontziak  kanaletik igaroko direla iragarri du.

Oraingoz Frank Gehry zubia baino ez dago eginda. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko urriaren 19a
07:40
Entzun

Ricardo Barkala Bilboko Obra zinegotziak azaldu duenez, udalak birritan eskatu dio Canal de Deusto aldi baterako enpresa elkarteari Deustuko kanala irekitzeko obrekin jarraitzeko. Aldi baterako enpresa elkarteak berak proposatu zion udalari indusketak ahalik eta ur ekarpenik txikienarekin egitea. Indusketa lehorra deitzen diote. "Guk ez genuen hori eskatzen esleipeneko baldintzetan, baina oso ondo iruditu zitzaigun, ingurumen aldetik  kalte gutxiago eragiten zuelako". Barkalaren esanetan, enpresa elkartea "eredu horrek zekartzan kostu ekonomikoez ohartu zenean agertu ziren arazoak".

2014ko martxoan esleitu zuten obra, eta 2015eko martxoan kontratua aldatzeko eskatu zuen enpresa elkarteak. Hiru izan ziren emandako argudioak, Barkalaren esanetan: ur ekarpena espero baino handiagoa zen, hondakinen bolumenak espero baino handiagoak ziren eta itsaso bidezko garraioa oso garestia da. "Bilboko Udalaren erantzuna beti izan da bera: enpresa elkarteak gaizki egindako kalkuluen ondorioak dira arazo horiek". Horregatik, udalak ez du onartu kontratua aldatzea.
Hori ikusita, enpresa elkarteak obrak etetea erabaki zuen.

Kontratua bertan behera uztea erabaki aurretik, Bilboko Obra Sailak udaleko zerbitzu juridikoen eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren iritzia hartu du. "Biek gure erabakia bidezkoa dela erantzun digute". Beraz, orain udalak obrak likidatuko ditu —17,3 milioitan esleitu zen, baina oraindik ez dakite egindakoaren kostua zenbatekoa den— eta falta denarekin obra proiektu berria egingo du. Urte hasieran esleituko ditu lanak, eta 2017 bukaerarako bukatuta egotea espero dute. Oraingoz zubia dago eraikita, eta egonkortze lanak egin dira. Beraz, indusketak baino ez direla falta esan du Barkalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.